Maiatzaren 28an Bortzirietan ere ospatuko dituzte udal hauteskundeak. Eta Beran, azken agintaldian alkate izan den EH Bilduko Aitor Elexpuru Egañak aurkezten du bere burua berriz ere. Aitzinetik ere, 2015-2019ko agintaldian hautetsia izan zen.
51 urte ditu, eta Lehen Hezkuntzako irakaslea da ofizioz, Arantzako eskolako zuzendaria izandakoa, eta bertsolaritzan ere aritutakoa, biharko Bera nola irudikatzen duen azaldu digu. Azken aldian pil-pilean egon den osasun zerbitzuen aferan, Bortzirietako osasun zentroetan mediku falta eta Bidasoa ospitaleko kirofanoena aipatu dugu berekin. Herriko oinarrizko zerbitzu eta komertzioaren erreleboarekin kezkaturik, “herria bizirik” mantentzeko plangintza beharrezkoa da bere ustetan.
Era berean, pandemiaren ondotik Bortzirietan turismoak gora egin duela ikusirik, mendi, kirol eta naturari lotutako eskaintza osatu, eta turismo jasangarria bultzatu nahi du. Jakinik, Pirinio Atlantikoetako turismo erreklamu nagusia den Larrun mendia, eta Ibardineko bentak ere Berako errealitate direla.
Etxebizitza arazoari aurre egiteko ere, alokairu soziala bultzatu dute azken agintaldian, baina bizitoki hutsei neurri hartu beharra zaiola dio, “merkatu libreak agintzen badu ere, espekulazioaren aurrean hutsak zergapetuz”.
Bidasoa eskualdeko herri gisa, Larrun eta Lesaka-Bidasoako 2022ko otsailan izandako suteak harreman berriak auspotu ditu. Sara, Urruña, Azkain eta Biriaturekin hainbat proiektu amankomun dituzten bitartean, mendi kudeaketa zein kulturari lotuak, Irun, Hondarribia eta Hendaiarekin harreman eskaxak dituztela dio.
Entzun #Hurbiletik_AitorElexpuruEgaña elkarrizketa