Bioaniztasuna errespetatzen duen kontsumo eta ekoizpen ereduaz eta KM0 filosofian sentsibilizatzeko helburu pedagogikoa duen erakusketa estreinatu berri dute Labore Txingudik eta Hendaia Koopek Palmera Montero gunean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduek diruztaturik, ‘Bidasoa Txingudiko Elikagaiak’ erakusketa ibiltaria aurkeztu berri dute Labore Txingudik eta Hendaia Koopek Irungo Palmera Montero gunean. Maiatzaren 27a bitartean bisita daiteke, baina mugazgaindiko Ideiak proiektuaren baitan antolatua denez, ibiltaria izango da, eta ekainaren 20tik uztailaren 1ean Hendaiako Mediatekan izan ondotik, Hondarribian ere ikusi ahal izango da. Arma Plazan antolatuko dute uda ondoren, iraila hondarrean.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arteko mugaz gaindiko IDEIAK 2022 diru-laguntza lerroari esker garatzen ari dira, herritarren bozkari esker hautatua izan eta gero. Eta erakusketarekin batera, material pedagogikoa lantzen ari dira eskualdeko lehen hezkuntzako azken zikloan dauden ikasleekin saioak burutu ahal izateko.
Izan ere, erakusketak ere helburu pedagogikoa duela azpimarratu du Oihana Galardi Ogallar, Labore Txingudiko kideak. “agroekologia hitz potoloa da, baina prozesu ekologikoak oinarri dituen nekazaritza, abelzaintza, basogintza edota erlezaintzaz ari gara, bioaniztasuna babesten duen eredua”, argitu du. Azken honen kasuan, eskualdeko Bidasoko Erlezainen Elkartea lanean ari da aspaldi. Eta erleek naturan eta elikagai-katean jokatzen duten funtsezko lanaz jabetzeko panel informatiboa ere aurki daiteke erakusketan. “Polinizazioaren %75aren arduradunak dira, eta natura zaintzen dutelarik guk ere zaindu behar ditugu, erlerik gabe nekez jan ahal izango genuke”, ohartarazi du Galardik.
Horrela, ingurumenarekiko jasangarria izan ezik, ekonomikoki eraginkorra eta sozial mailan bidezkoa den lehen sektorea bultzatzen ari diren Bidasoa-Txingudi eskualdeko eragile, ekoizle eta kontsumo-taldeen mapa ere biltzen du 8 panotan banatua dagoen erakusketak.