Udaz geroztik enpresarekin “negoziatzeko bilera antzu eta bakarra” lortu eta gero, bigarren grebaldia hasi dute gaur maiatzaren 28a arte, lan hitzarmen propioa lortzeko helburuarekin. Hondarribiko Udala azpikontratako langileekin zuzenean eskuhartzen saiatu dela salatu du ELAk, “ordezkari sindikala puenteatuz”.
Bi asteko grebaldiari ekin diote gaur Hondarribiko udal lorazainek. ELAI SERBITZUAK S.L. enpresa kudeatzailearekin negoziatzeko hainbatean hitzordua lortzen saiatu arren, enpresak ez die erantzun, eta Antxeta Irratiak joan den astean iragarri zuen bezala, lan gatazkak aurrera jarraitzen du. Martxoaren 21, 22 eta 23an egindako greba egunen ondotik, negoziaketa bilera bakarra egon dela salatu du ELA sindikatuko Xabier Etxanizek Goizeko Kafea irratsaioan. Eta langileen ordezkaria Juan Mari Altuna ‘Txisun’ekin bildu izan bada ere, aurrerapausorik ez dute lortu orain artean. Sindikatuko ordezkariak salatu duenez, Udaleko Zerbitzuetako ordezkariarekin, Gonzalo Carrion ‘Txalo’rekin bilera eskatu du, “baina honek ez du nirekin bildu nahi, eta langileengana jo du zuzenean enpresak beteko ez dituen hobekuntza promesak eginez”.
Izan ere, joan den udaz geroztik lan hitzarmen propio bat negoziatu nahian dabiltza. Baina martxoko hiru eguneko grebaldiaren ondotik, behin baizik ez dira enpresarekin bildu ahal izan. “Apirilaren 20ean elkartu ginen, gure eskaerak ez dituztela onartuko esateko, eta maiatzaren 15ean gaudela, joan den ostiralean jarri ziren berriz gurekin harremanetan, iraileko proposamena errepikatzeko”, dio Etxanizek.
Hondarribiko udal lorzainei estatu mailako lan hitzarmena aplikatzen zaie gaur egun, Hondarribiko Udalak onartu zuen hobekuntza ekonomiko batekin. Hala ere, Irungo udal lorazainekin alderatuta, adibidez, lan-ordu gehiago eta hilean 300 euro gutxiagoko soldata dutela dio ELA sindikatuak. Horrenbestez, lan hitzarmen propioa eskatzen dute, inguruko udalerrietako lan-baldintzekin parekatzeko. Betiere, udalak esleituko dituen hurrengo kontratuen baldintza-plieguetan aintzat hartua izango dena. Gaur egungo kontratua 2024 urte artekoa du ELAI SERBITZUAK S.L. enpresak.
Bi asteko grebaldiaren aurreneko egunean, Hernanin enpresak duen egoitzan elgarretaratzea egin dute langileek. Asteazkenean, berriz, 11:30etan Hondarribiko udaletxe parean egingo dute kontzentrazioa. Eta maiatzaren 19an, manifestazioa ere deituko dute.