DONEZTEBEK, BAZTANEK ETA GURE TXOKOAK HIRUNA PUNTU ESKURATU DITUZTE ASTEBURUAN

Antxeta Irratia 2023ko ira. 26a, 10:26

Beti Gazteko emakumeek eta gizonezkoek berriz, ezin izan dituzte euren aurkariak garaituGaraipenak eta porrotak egon dira Doneztebe, Baztan, Lesaka eta Berako futbol taldeetako maila nagusietan. Lehenak gehiago izan dira, baina bigarrenek mindu egin dituzte lesakarrak. Doneztebek eta Baztanek 2-1 eta 1-2ko markagailuekin irabazi dute, hurrenez hurren. Bai Joel Gil, baita Iban Romo entrenatzaileak ere, pozik agertu dira bertze hiru puntu poltsikoratu dituztelako eta taldean egiten ari diren lanarekin emaitza onak pilatzen ari direlako. Berako Gure Txokoa taldeak ere irabazten hasi du denboraldia. Gipuzkoako Ligako Erregional mailako lehen jardunaldia jokatu zuen etxean, Matzadan, eta 4-2ko emaitza eskuratu zuen Oiartzun B taldearen kontra. Ganix Zubieta prestatzaileak taldea indartsu ikusi duela erran du eta lehen garaipen hau garrantzitsua izanen dela denboraldiko helburuak estu lotzeko. Azkenik, Lesakako Ohorezko Erregional mailako emakume eta gizonezkoek porrot bana jaso zituzten asteburuan. Emakumeen kasuan, denboraldiko lehen jardunaldia jokatu zuten Elgoibarren kontra, eta 2-0 galdu zuten Mintxetan. Gizonezkoek ere punturik batu gabe segitzen dute oraindik eta Aretxabaletaren kontra ere, 0-1 galdu zuten igandean etxean. Partiduaren bigarren zatian nagusitasuna eduki arren, golak ezin sartu ibili zirela aipatu du Javier Escagües entrenatzaileak. Aditu hemen Iban Romo Baztango entrenatzailea, Joel Gil Doneztebeko bigarren entrenatzailea, Javier Escagües Beti Gazteko gizonezkoen prestatzailea eta Ganix Zubieta Gure Txokoako entrenatzailea: (Argazkia: Jon Sein)

Osorik irakurri