Valladoliden kontra 31-27 irabazi ondotik, talde irundarrak bortz puntu batu ditu sailkapeneraBidasoak bertze bi puntu batu zituen sailkapenean pasa den ortziralean. Recoletas Atletico Valladolid izan zuen aitzinean eta partidu gogor baten ondotik, garaipena eskuratzeko gai izan ziren irundarrak. Bortz punturekin, Barçarekin berdinduta dago Jacobo Cuetararen taldea, bigarren postuan. Aitzinetik jarri zen markagailuan Bidasoa partiduaren hasieran. Hiru tantoko abantaila eskuratu zuen taldeak lehen hamaika minutuetan, baina orduz geroztik, Valladolidek indarra erakutsi zuen eta neurketa berdintzea lortu zuen. Gainera, aurrea ere hartu zuen aurkariak eta 13-14ko emaitzarekin ailegatu zen atsedenaldira. Bigarren zatian, partidua iraultzeko asmoz atera ziren kantxara etxeko jokalariak. Lehen partzialean dagoeneko, 16nako berdinketa eskuratu zuten eta berriz ere aitzindu egin ziren markagailuan. 51. minutuan, hain zuzen ere, bortz goleko errenta lortu zuen Bidasoak (26-21) eta horrela segitu zuten 60 minutuan pasatu arte. Azkenean, 31-27ko markagailuarekin bukatu zen partidua eta Bidasoak bertze garaipen bat poltsikoratu zuen. Honen ondotik, talde irundarrak Logroño bisitatuko du, heldu den larunbatean (irailaren 30ean), 19:00etatik aitzinera.(Argazkia: Arrate Morales)
Osorik irakurri