FRAN JUSTO: “TERUELEK GURE MAILARIK ONENA EMATEA EXIJITUKO GAITU”

Antxeta Irratia 2023ko ira. 22a, 11:54

Hiru partidu segidan irabazi ondotik, Real Union Galera bueltatuko da igandean (12:00) Teruelen kontrako partidua jokatzeko Real Unionek denboraldiko bortzgarren jardunaldia jokatuko du igande honetan, irailaren 24an, Stadium Galen (12:00), Teruel taldearen kontra. Lehen Federazio mailara igo berri den aurkaria da, baina hala ere, errespetuz jokatu behar dutela dio Fran Justo entrenatzaileak, kategoria honetan neurketa guztiak zailak izanen direlako. “Zaila da”, erran du Fran Justok Real Union eta Teruelen arteko partiduaren atarikoan. Lehen RFEF mailara igo berri den aurkaria aurrez aurre izanen badute ere, euren kontra “errespetuz” jokatu behar dutela argitu du. Teruelek partidu gogorrak izan ditu denboraldi hasiera honetan eta “ezin hobe lehiatu” dela ikusi du talde irundarraren entrenatzaileak. “Aurkariak deseroso sentitzea lortu du eta gauzak ongi egin ditu. Gure mailarik onena ematea exijituko gaitu”, gaineratu du. Partidu desberdin baten aitzinean izanen da talde txuribeltza igande honetan eta horrela adierazi du Fran Justo entrenatzaileak ere. Horri aurre egiteko, etxeko taldeak “kontzentrazio osoa” behar duela erran du Justok, eta hilabete hauetan izanen duten “proba fisiko eta mental gogorrenetarikoa” izanen dutela ere azpimarratu du. Bere taldearen inguruan, aste honetan “merezitako atsedena” izan duela adierazi du prestatzaileak. Honek, gainera, jokalariei berreskuratzeko denbora eman diela onartu du eta “oso kargatua izanen den urriari, exijentzia altuarekin aurre egiteko” baliabideak izanen dituztela aipatu du. Honekin guztiarekin, etxeko zelaira indarrez aterako da taldea, bertze hiru puntu poltsikoratzeko asmoz.

Osorik irakurri