1973/74ko ikasturtean hasi zuten Lesakako Tantirumairu Ikastolan jarduna. 50 urte pasatu dira dagoeneko eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte ikasturte honetarako. Horietako lehena larunbat honetan izanen da, urriaren 21ean, eraikuntza berriaren inaugurazioarekin.
Lesakako Tantirumairu Ikastolak 50 urte betetzen ditu aurten. 50. ikasturteari ekin zioten pasa den irailean eta hilabete batzuk daramatzate lanean, ospakizunak prestatzeko asmoz. Horretarako, lantalde propio bat osatu dute, Ikastolako Elkartearen kideekin, baita Ikastola osatzen duten eta noizbait osatu duten pertsonekin ere. Urriaren 21ean, larunbatean, ospatuko dute lehen ekitaldia eta 2024rako ere, bertze bi hitzordu finkatu dituzte jada.
2017an ospatu zen Lesakan Nafarroa Oinez, “Bikin batin” lelopean. Tantirumairu Ikastolaren helburu nagusia, eraikuntza berria egitea zen eta horretan murgildu ziren pasa den urtean. Aurten, obra bukatuta, inaugurazio ofiziala eginen dute heldu den larunbatean. Hori aitzaki hartuta, egun guziko egitaraua prestatu dute, 50. urteurreraren lehen ekitaldia izanen dena. Odei Sagardiak, Ikastolako guraso eta ospakizunen lantaldeko kideak, xehetasun guztiak eman ditu. “Intxaurrenea” eraikuntzaren inaugurazioaz gain, ekitaldi bat ere eginen dutela aipatu du eta bukatzeko, mahai baten bueltan elkartuko dira.
Hala ere, hau ez da izanen ikasturte honetako ospakizun bakarra. Sobera aitzindu ez badu ere, bi data jakinarazi ditu dagoeneko: apirilaren 13a, Ikastolako ikasle ohiei zuzendutako ekitaldia; eta ekainaren 22a, ikasturte bukaera jaialdia.