"Gazako sarraskia gelditu" lelopean manifestaldia eginen dute larunbatean Donostian

Antxeta Irratia 2023ko urr. 19a, 00:00

Gaza eta Israelen arteko gerlak bi aste eginen ditu larunbatean. 40 euskal herritarrek izenpetu dute manifestua, "berehalako su-etena" eta "elkarrizketa prozesu bat abiatzea" eskatzen dute.

Urriaren 7an Hamasek Israeli eraso egin zionetik bi aste beteko diren honetan, manifestaldi nazionala deitu dute berrogei euskal herritar ezagunek, "Gazako sarraskia gelditu" lelopean. Larunbatean izanen da, Donostian, 17:30ean Antiguoko tuneletik abiatuz.

Israel eta Palestinaren arteko "berehalako su-etena", "Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin bukatzea" eta "konponbide baketsu eta negoziatua" bilatzea eskatzen dute bertzeak bertze.

Manifestu bat plazaratu dute deialdia indartzeko. Izenpetu dutenen artean kulturgintzako eta kazetaritzako izen ezagunak atzeman daitezke, hala nola Itziar Ituño, Eider Rodriguez, Porrotx edo Xabier Madariaga, baita Antxeta Irratiko lehendakari Agus Hernan ere. Foro Sozialeko arduradun izandakoak Euskal Herriko eta nazioarteko bake prozesuetan parte hartu izan du, eta "horroreak, inpotentziak eta ikusten den inpunitateak" eraman du deialdia sustatzera.

Sare sozialetan manifestuak hautsak harrotu ditu, bertzeak bertze negoziatzeko edo elkarrizketarako deiak direla-eta. Hernanen ustez, gai zehatzen inguruan bakoitzak bere iritzia izanik ere, "gatazka guztiak negozioazioaren bidez bukatzen dira", eta "urgentzia" su-etenak, zibilen babesak eta setioaren bukaerak dute. 

Donostiako manifestaldiak nazionala izateko anbizioa badu, Euskal Herri luze-zabalean Palestinarekiko babes keinuak izan dira azken egunetan. Asteazkenean, Gasteizen BDZ mugimenduak deiturik ehundaka herritar manifestatu ziren, "Palestina Aurrera, Israeli boikot" lelopean.