«Zapaltzen bazaitut, kontuan izan!» lelopean BEGISARE elkarteak antolatu duen kanpainarekin bat egin dute Irunen, Artaleku eta Stadium Gal leku integratzaileak direla aldarrikatuz.
Gipuzkoarren %2ak ikusmen murriztua du itsu bezala identifikatu gabe bada ere. Hori kontuan hartuta, Bidasoa-Iruneko Jakub Skrzyniarz eta Tito Díaz jokalariak eta Real Unioneko Joseca Márquez Irungo udaletxearen aurrean elkartu dira gaur Retina Gipuzkoa Begisare elkartearen sentsibilizazio-kanpaina babesteko. Egunotan Irungo (eta Gipuzkoako) autobus geltoki askotan ikus daitekeen kanpainaren harira, urriaren 12an ospatu den Ikusmen Murriztuaren Munduko Eguna dela eta, erretinako distrofia hereditarioak dituzten pertsonekin lan egiten duen Begisare elkartea lanean ari da aspaldi. Jendarteak “itsu izan gabe, gainerako pertsonek bezala ikusten ez dutenak” aintzat har ditzan dute helburu. Itsutasun partziala eragiten duten eritasun anitz dago, eta erretinosi pigmentarioa da horietako bat.
Begisare elkarteko Amaia Gereñurekin hitzegin dugu Antxeta Irratian aste honetan. Eta aipatu digunez, “egunez argi asko dagoenean, eta gauez ilunegi denean ere, ikusmenaren %80a galduarazten duen gaixotasuna da” honakoa. Eta zenbait kasuetan, “tunel moduko bista” sortzen du. Ez du sendabiderik eta gizarteak ez ditu itsu gisa kontuan hartzen. Baina urteotan hunkitutako elkarteko kideek soinean daramaten bereizgarriari (pegatina) esker, eta egindako sentsibilizazio kanpainekin, gizartea geroz eta konzientizatuagoa dagoela uste dute Begisare elkartean. Gipuzkoarren %2ak du itsu izan gabe, ikusmen murriztua.
Aipatu bezala, Irungo bi kirol elkarte nagusiek bate gin dute euren kanpainarekin. Horrela, Viveros Herol BM Navaren aurkako partidan (urriaren 21ean, larunbata, 17:30ean), Bidasoa Irunek Begisare elkartea gonbidatu du Artalekura. Eta atsedenaldian ikusmen murriztuari buruz informatzeko jolas desberdinak proposatuko dituzte.
Era berean, Real Unionek igandean 16:00etan jokatuko duen Ponferradinaren kontrako partidan ere, elkartea babestu, eta Stadium Galen, "Ikusmen Murriztua Dut-Hemen kontuan dugu" ikurra duten pegatinak jarri dituzte, ikusmen murriztuko pertsonen leku integratzailea dela adierazteko.