Bordele, Salamanka, Soria, Burgos zein Euskal Herriko txoko askotatik etorritako 200 eta 250 emakume eta gizon bilduko ditu Hondarribiko Farfailarien V. Topaketak. Igandean 10:00etan ‘El Encaje’ liburuaren aurkezpenearekin hasiko da
Urriaren 22an, igandearekin, 230tik gora farfailari bilduko ditu Emeki elkarteak Jostaldi pilotalekuan antolatutako Hondarribiko V. Farfailarien Topaketan. Astelehenero farfailak edo enkaje de bolillos delako tailerra eskaintzen du Emekik aspaldiko urtetan. Eta duela zenbait urte artisau lan honek jarratzaile asko dituela ohartuta, eta emakumeen arteko harremanak saretzeko topaketa antolatzea erabaki zuten.
Kontxi Galardi, topaketaren eramaileak aitortu digunez, hasieran eskualdeko lagunak biltzen baziren, dagoeneko Bordeletik Soriara, denetarik biltzen da, emakume zein gizon. Encaje de bolillos egitea, erdaraz, oso zaila den zerbait lortzea esan nahi du ere. Zentzu honetan, Kontxik aitortu digu zaila dela. Eta zer den ez dakienarentzat ere azalpenak eman dizkigu.
Ekitaldia igandean 10:00etan hasiko da, eta farfaila lanetan goiz osoa emango badute ere, Bistra Pisancheva emakume bulgariarra ere gonbidatu dute “El Encaje” liburua aurkezteko. Artisau lan honen gida baino, emakume farfailari baten sentimenduak azaltzen dituen obra dela iragarri dute. Hainbat sari banatuko dituzte bertan, herriko 20 bat komertziok lagunduta.