Landetxan, Amute-Kostan eta Mendelun organikoaren bereizketa %68ra emendatzea lortu eta gero, Irungo Erdigunean oraindik ere edukiontzi marroia erabiltzen ez duten 2.100 bizilagun aktibatu nahi ditu Txinzer-ek.
Bidasotar orok bere hondakinak bereizi ditzan erronka markatu du Txingudiko Zerbitzuakek, Europako zuzentarauen aginduz 2030 urtean berziklatze-tasa %70ekoa izan behar duela jakinda. Hori lortzeko, oraindik ere errefuxaren gris koloreko kontenedorean amaitzen duten hondakinen %67a bereiztea giltzarri izango da. Eta horren baitan, oraindik ere hondakin organikoak biltzen ez dituzten bidasotarrak aktibatzea. “Urtean 80 euroko aurrezkia lor dezakete urte osoan zehar kontenedore marroian alta eman eta etxeko lanak ondo eginez gero, eta ingurumenaren faboretan ariko dira”, azpimarratu du Txinzer-eko kudeatzailea Leire Zubiturrek. 2023 urte hasieran eskualdean herritarren %52,87ko parte-hartzea zegoen eskualdean materia organikoaren bereizketa sisteman. Eta kanpaina burutu duten auzoetan, %68ra emendatzea lortu dute.
Etxez-etxe informatuko dute
BidaSOS 2030 kanpainari 2023 urte hasieran eking zioten auzoz-auzo herritarrak sentsibilizatzeko. Eta ekimen honek “baliabide humano handiak” eskatzen baditu ere, “hurbileko konzientizazio lanak” bere fruituak ematen dituela egiaztatu ahal izan dute. Izan ere, ingurumen hezitzaileek etxez-etxe ate joka informatzearekin batera, epe luzerako auzoz-auzo dabil kanpainaren bulego ibiltaria. Irungo Landetxa-Katea auzoan hasi ziren, eta Hondarribiko Amute-Kosta eta Mendelun aritu dira hilabeteotan. Oraingo honetan, aldiz, Irungo Erdigunean izango da abenduaren 1a bitartean. Jakitera eman dutenez, eskualdeko batezbestekoa baino apalagoa da bertan organikoaren bereizketa. Eta oraindik ere 2.100 bizilagun dira kontenedore marroia erabiltzen ez dutenak.
Hauek aktibatzeko atez-ateko lana egingo dute kanpaina honetan. Batetik, organikoaren bilketa tasak emendatzeko. Eta bide batez, “marroia erabiltzen duenak, errazago berziklatuko duelako gainerakoa ere, kontainer urdina, horia eta beiraren berdea aldamenean dituelako”, uste du Zubiturrek.
Zentzu honetan, kanpaina egin duten auzoetan errefuxaren edukiontzian egindako analisien arabera, bertan amaitzen duten hondakinen %67ak ez luke bertan bukatu behar. Berziklagarria baita. Eta horietatik %34a organikoa bada ere, oraindik ere, %13a plastikozko ontzi arinak, %7a papera eta kartoia da, eta beste %6a beira. “Asko hobetu beharra dugu oraindik bereizi eta berziklatzean, jakinda betiere, hondakin hoberena sortzen ez duguna dela, eta horrek gure kontsumo ohituretan ere aldaketak eskatzen dituela”, orotiarazi du Txinzer-eko arduradunak.
Irungo Erdiguneko bulegoa astelehenetik ostiralera 10:00-14:00 eta 16:30-20:00 ordutegian zabalik egongo da, informatu nahi duen ororentzat. Eta larunbatero goizetan 9:00tatik 14:00etara ere.