‘Ombuaren Itzala’ proiektua aurkeztuko dute Hondarribian eta Urruñan ere

Antxeta Irratia 2023ko urr. 17a, 00:00

Patxi Bisquert zinemagilea ekainan grabatzen hasi zen Pello Mari Otaño bertsolariaren figura berreskuratzeko proiektu zinematografikoa. Eta herriz-herriko aurkezpen itzulia aurrera doa, herritarren sustengua bilatu nahian.

Irailaren 28an Hendaiako Baleak elkartean aurkeztu ondotik, Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza pantaila handira eramango duen proiektua aurkeztuko dute aste honetan Hondarribian, asteazken honetan 19:00etan Kultur Etxean. Eta ostegunean, ordu berean, Urruñako Posta gelan ere.

Patxi Bisquert gonbidatu dute bi hitzorduetan, Eguzki Art ekoiztetxearekin eta auzolanean sortu duen “Ombuaren itzala” proiektua aurkezteko. Pello Mari Otaño (Zizurkil 1857-Argentina 1910) bertsolariaren bizitza eta obra pantaila handira eraman nahi dutela aitortu digu zinegileak, haren figura berreskuratu nahian.

Filmarekin batera, material pedagogikoa ere landu nahi dute, eskoletan baliatu dezaten. Horretarako auzolanean ari dira herriz-herri proiektua aurkezten. Izan ere, 30.000 zine sarrera aurrez saltzeko erronka markatu dute, “mezenazgo kultural” gisa, proiektua sustengatzeko aukera emanez.

Hondarribiko Kultur Etxean urriaren 18an eta Urruñako Posta gelan hilaren 19an, bietan arratsaldeko 19:00etan sar zaitezkete haiekin harremanetan, eta informatu aurkezpen ekitaldietan. Bestela ere, proiektuaren eramaileekin harremanetan sartzeko, hauek dira aukerak: 948 38 83 31 edo pmirenabisquert@hotmail.es.

Erlazionatuak