Irungo Udala eta enpresaren arteko akordioak Bidasoa ibaiaren ertzean aurreikusten dituen 200 etxebizitzetatik 100era apaltzea, eta Azken Portu kiroldegiaren alboan erabilera publikoa izango luketen berdeguneekin batera, lurrazpiko 300 aparkaleku proposatu dituzte jeltzaleek.
Duela pare bat urte, Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Pasquier-Recondo enpresak hitzarmena izenpetu zuten Azken Portu kiroldegiaren alboan dauden haien instalazioak industri-eremu izatetik etxebizitza eremu izatera pasatzeko. Multinazional frantsesak bere ekoizpena Irunen mantentzeko hautua baieztatu zuen horrela, eta dagoeneko Landetxa-Katea auzoko Ugaldetxon lantegi berria eraiki du, baita ekoizpena eta langileen gehiengoa bertara lekuz aldatu ere. Zenbait lan gatazka tartean.
Horiek horrela, Azken Portuko lurzorua birkalifikatzeko xedez hitzarmenak 200 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Iritzi publikoak proiektu honen aurrean desadostasuna erakutsi zuen orduan. Artiako Lagunak taldeak Azken Portu-µBehobia artean martxan diren bizitegi promozioen masifikazio eta trafikoaren gaineko eraginak salatu izan ditu. Eta Ekologistak Martxani ez zaio oharkabean pasa, Oxinbiribil naturgune babestu baten aldamenean, eta “uholde arrisku” eremua dela, besteak beste.
Irungo EAJk honen aurrean “proiektu atseginago bat” aurkeztu berri du. Etxebizitza kopurua erdira murriztea proposatzen du, aurreikusitako 200 etxebizitzatik 100era jaitsiz, eta eraikuntzaren linea Bidasoa ibaiaren ertzetik aldenduz, libre geratuko zen eremua, gune berde eta publikoa bilakatzea. Proposamena gauzatzeko baldintza batzuk ere finkatu dituzte jeltzaleek, eta haien berri eman digu Xabier Iridoyk, Irungo EAJren udal taldeko bozeramaileak. Baita hau bideragarria egiteko ere, alkateari egin dioten eskakizuna. Konsziente baitira, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ezbaian jarri dezakeen proposamena dela.
Xabier Iridoy, Irungo EAJ udal taldeko bozeramailea.