Alardeen auzian Bidasoko alkateak «berdintasunaren bidean» laguntzeko prest dago Foru Aldundia

Antxeta Irratia 2023ko urr. 12a, 00:00

Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduren ekimenez, Irunen eta Hondarribian alardeak “berdintasunezko, elkarbizitzako eta errespetuzko” jaia izateko, eta konponbidean laguntzeko mozioa onartu egin dute PSE-EEk, EAJk eta PPk ere.

Elkarrekin Gipuzkoa abstenitu bada ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan urriaren 11ko osoko bilkuran “alarde parekide eta bakarraren” aldeko mozioak Gipuzkoako Batzar Nagusien babes zabala jaso du aurreneko aldiz. EH Bilduko batzarkide Garoa Lekuona hondarribitarrak «ongi etorria» eman zien gainerako taldeei, “berdintasun irizpideetara batu izanagatik, XXI. mendeko politikak eginez”.

Irailaren 20ean iada diputatu nagusia interpelatu zuen EH Bilduk, agintaldi honetan Hondarribiko alardeari buruz zer egiteko prest zegoen galdetuz, eta irailaren 8an Jaizkibel konpainiari harrera egin izana txalotzearekin batera, alarde baztertzaileari ere egin izana kritikatu zuen Lekuonak.

Haatik, Hondarribian aurten emandako aurrerapauso esanguratsua eta ekainan Irunen, Jose Antonio Santano alkateak ere alarde publikoari udaletxeko balkoian harrera egin eta gero, auzia konpontze aldera, atzo aurkeztutako alarde parekide eta bakarraren aldeko mozioak babes zabala izan zuen lehen aldiz. Urrats esanguratsua EH Bilduko batzarkidearen aburuz. Izan ere, alardeen aferan Irungo eta Hondarribiko alkateen bidelagun izatea deliberatu dute. “Jose Antonio Santano eta Igor Enparan alkateek orain badakite, berdintasunaren bidean ematen duten urrats bakoitzean Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia bidelagun dituztela, laguntzeko prest”, nabarmendu du Garoa Lekuonak. “Urrats garrantzitsua Bidasoako jaietan ere emakume eta gizonen berdintasun printzipiora batzeko gu guztiok, ongi etorriak”, irtenbidea guztion arteko elkarrizketaren bidez lortu beharko dela gaineratuz.

Garoa Lekuona, EH Bilduko Gipuzkoako batzarkidea