“Udazkeneko besta handia” izendatu dutena Gaztelu Zahar pilotalekuan ospatuko da ostiral eta larunbatean. Pandemiak kolpaturik, 50. Urteurrena nahi baino formatu xumeagoan ospatu zuen Zarpai Bandak. Osasun egoera normalera itzulirik, besta handi bat ospatzeko nahia zuten, elkarteko kideak, hendaiarrak eta orohar txarangazaleak batzeko.
Izan ere, herrixka bat montatu dute Gaztelu Zaharren, etxola ezberdinetan giro ugari eskaintzeko. Bertan, jatekoa eta edateko anitzez gain, haurrentzako animazioak ere atzematen ahalko dira. Eszena nagusi bat ere muntatu dute pilotalekuan, Bokale Brass Band, Duende, Triki Blinders eta SFM taldeak hartuko dituelarik.
Dena ez da baina Gaztelu Zaharren izanen; larunbatean Ipar Euskal Herriko danborradak bilduko dituzte. Hondartza auzoko Zentro Nautikotik abiatuko dira goizeko 10etan, herria gurutzatuz Gaztelu Zaharrera iristeko. Bertan, errekiz eginiko bazkaria izanen da, lekuak bukatuak diren arren.
Herrixkara sartzeko, 5 euroko sarrera ordaindu beharko da, ostiral eta larunbatean 18tatik aitzina. Egitarauari buruzko xehetasun guztiak Zarpai Bandaren sare sozialetan atzeman daitezke, baita Asier Arbelaitzek Elorri Sorondo eta Mikel Martinez antolatzaileekin egindako elkarrizketan ere. Antxeta Irratia "Beti Zuekin" bestaren laguntzailea da.