Politika fiskal sozialagoa eskatu du EAJk udal tasa eta zergen negoziaketan

Antxeta Irratia 2023ko urr. 11a, 00:00

Irunen geroz eta familia aniztasun handiagoa dagoela kontuan hartuta, inpostuen hobariak familia ugariei eta RGI edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen dutenei soilik eskaintzea ez da aski jeltzaleen arabera. Udal zergetan zein zenbait prezio publikoen hobariak errealitate berrira egokitzeko eskatu dute jeltzaleek.

2024ko udal aurrekontuen eztabaidan murgildu aurretik, udalaren diru-iturriak baldintzatuko dituzten tasa eta zergak negoziatzen ari dira egunotan talde politikoek. Eta Elkarrekin Podemos taldeak udal gobernuak proposatuko duen %4 bateko igoera orokorraren eta edozein emendioren kontrako linea gorria markatu badu, EAJk politika fiskal sozialagoak eskatuko dizkio gobernuari. Eta horren araberako hobari berriak sortzea. Izan ere, gaur egun familia ugariei eta RGI edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen dutenei hobariak eskaintzen zaien bitartean, “familia aniztasun gero eta handiagoa” dagoela ez du udalak kontuan hartzen. “Guraso bakarrak, ezkondutako bikote batek edo biek aurreko harreman batetik datozen seme-alabak dituzten berregindako familiak” jarri ditu adibide gisa Xabier Iridoy bozeramale jeltzaleak.

Errealitate sozial hori ez da udal ordenantza fiskaletan kontuan hartzen EAJren arabera. Eta horregatik, inpostuen hobari-sistema egungo errealitatera egokitzeko eskatuko diote udal gobernuari horretarako eskatua duten bileran.  

Erlazionatuak