Azaroan frogak zehazteko egingo dute hurrengo bilera, baina iazko balorazio baikorra egin eta gero, aurten dagoeneko 31 taldek (lau gehiago) izena eman dute. Eta Hondarribiko Udalari eskatutako laguntza baieztatu ezkero, “neguko egun hil horietan herrian gazteek daukaten ia gauza bakarra” indartu nahi dute.
Hondarribiko gazte asanbladak (Mugiri elkartea) bultzatuta, Herri Olinpiadak antolatzen hasi da komite olinpikoa. Ekimen herrikoi honen hirugarren aroko bigarren edizioa izango da. Baina garai bateko sona berreskuratu nahi dute gazte koadrilek. Izan ere, 80. eta 90. hamarkadatako olinpiada mitikoen ondotik, garai haietako Flaxiya, Ashkorax edo Nikenikeningo bezalako taldeen lekukoa, bigarren aroko olinpiadetako taldeek hartu zuten 2014-2017 urteetan. Bigarren saiakera baten ondotik, beti dago hirugarren bat. Eta iaz belaunaldi berriek, Xibaritak, Faki ta Faki, Amonan Xalda Berua edota Gaxen Ireki Goizago… orotara 27 koadrilek parte hartu zuten antolatutako herri olinpiadetan.
Orotara 400ndik gora gaztek. “Gehiengo batek ez zuen inoiz olinpiadetan parte hartu, eta gazteen eta herriko ostalariak entzunda, nik uste kriston giroa sortu zela herrian”, dio Urko Iridoy komite olinpikoko kideak.
Urte osoa eta asmo handiz
Joan den urtean bost froga egun antolatu zituzten otsailetik ekaina bitartean. Baina behin olinpiadak berreskuratuta, jarraipena eman ez ezik, hauek indartu nahi dituzte aurtengo edizioan. Azaroan hasi nahiko lukete, froga egun gehiagorekin, eta haien artean garai batean arrakasta handia zuen parodia gaualdia ere antolatuz. “Lehenengo bilera egin dugu, talde guztiekin elkartu gara, eta udalaren erantzunaren zain gaude oraindik, baina gogo handia dugu eta gure intentzioa da azaroan hasi, eta parodiak ere berriro egitea”, iragarri du Iridoyk, urriaren 6an egindako asanbladaren ondotik.
Iazko balorazio baikorra egin dute bilera horretan. Izan ere, herria biziarazteko eta gazteria bizirik dagoela erakusteko balio izan du. “Jaiak bukatzen direnean, eta udazken-neguan sartuta, olinpiadak Hondarribian bilakatzen da monotema, neguko egun hil horietan herrian izan dugun gauza ia bakarra olinpiadak dira”, argitzen du. Zentzu honetan, denak elkar ezagutzen duten herri txikia izanagatik ere, “gehiago ezagutu eta herrian giroa sortzeko” tresna bilakatu da ekimen hau, froga egunetatik haratago ere.
Gazte koadrilen erantzuna tamainakoa da ere. Iaz 27 talde edo koadrila izan ziren, eta aurten 31 taldek izena eman dute dagoeneko. Frogak zehazteko dituzte oraindik azaroaren 3an egingo duten hurrengo bileran. Baina azaro bukaeran hasi nahiko lukete, eta Hondarribiko Udalak iaz agertutako babesa mantenduko badu, baita sustengu ekonomikoa ere, aurrera egingo dute asmo handiz.
Antolatzaileek argitu dutenez, komite olinpikoak kudeaketa dinamizatzeko ardura badu ere, parte hartuko duten talde guztiei konpromisoa eskatu zaiela, froga guztietan aritzeko, eta txandaka froga egunean berean ardurak hartzeko.