Larrendi auzoak badu plana

Antxeta Irratia 2023ko urr. 10a, 00:00

Auzo elkarteak 2021ean abiatutako prozesu parte-hartzailearen ondotik, 36 proposamen biltzen dituen Auzo Plana adostu dute, auzoa biziarazi eta gaur egungo zein etorkizuneko beharrei erantzungo dieten espazio eta ekipamenduak irudikatzeko. Udalarekin bilera egin aurretik bizilagunei aurkeztu diete plana urriaren 7an.

Larrendi-Olaberria Auzo Elkarteko lantaldea berritu zutenetik, hamaika dira auzoa bizirazteko antolatu dituzten ekimenak. Baina jarduera sozio-kulturala indartzearekin batera, eta komertzio zein auzoko kirol eta kultur elkarteekin harremanak azkartzeaz haratago, bertan bizi diren 5.000 bizilagunak aktibatu nahi izan dituzte proiektu amakomun batekin: Auzo Plana. “Ez da erraza jende inplikatzea, urte askotako dinamika apaleko auzo elkartea izan delako, baina konten gaude lortutakoarekin”, dio auzo elkarteko Mikel Valerok. "Biztanle asko dituen auzoa bada ere, hiri-erdian dagoenez, badirudi bertako zerbitzuekin aski dela, baina auzo-bizia bultzatzeko bertan ere hainbat zerbitzu eta azpiegiturak behar dira", argitzen du, eta horrexeagatik ekin zioten 2021ean Auzo Planaren proiektuari.

Diagnostiko bat egin eta mugikortasuna, espazio publikoa edota ekipamenduei buruzko bilera tematikoak antolatu zituzten. Eta auzotarren proposamen eta iradokizunak bildu eta gero, azken hilabeteotan 140 lagunek erantzun duten proposamenen balorazio inkesta bat osatu dute “lehentasunak markatu eta adostasun maila neurtzeko”.

Trantsizio Energetikoaren Bulego bat sortzea, zuhaitz eta landare gehiago landatzea eta auzoaren bernaturalizazioa bultzatzea edota Olaberriako Nekazal lurren bankua eta eskola sortzea dira proposamenetako batzuk. Aparkaleku arazoei aterabide posibleak pil-pilean daude auzoan. Eta TAO sistema bertan ezartzearen aldekoen zein kontrakoen artean eztabaida piztu bada ere, orohar 36 proposamenetako gehienetan adostasun maila handia lortu dutela nabarmendu du Mikel Valerok. Auzo Planak denetariko proiektuak barneratzen ditu, eta zenbaitzuk Irungo Udalaren sustengua beharko dute halabeharrez, hirigintza lanak eskatuko lituzketelako.

Horien artean, auzo elkartearen egoitzak jarduera gehiago antolatu eta biziarazteko espazio handiago bat behar duela ondorioztatu dute. Auzoko espaloiak zabaltzea edota bidegorri sarea osatzea eta txirrindentzako aparkaleku estali bat ere eskatzen dute. Bestalde, Eguzkitza eskolaren aurrean plaza bat sortzeko proposamenak ere udalaren eskuhartzea eskatuko luke. “Egia da gune peatonal asko ditugula, baina auzoak ez du berezko plazarik, eta auzotar askoren eskaera bat da”, dio Valerok. Halere, auzolanean aurrera eraman daitezkeen proiektuak ere badira. “Baratza komunitario bat sortzeko nahia dago, adibidez, eta hori azpimarratu nahi dugu ere, denak ez direla diruarekin edo udalari eskatzen zaizkion ekintzak”. 

Erlazionatuak

Larrendi auzoak badu plana

Antxeta Irratia 2023 urr 10 Behe Bidasoa