Urriaren 12tik 15era Geltoki auzoko egoitzan zein kalean, eta musika, performance, antzerki eta hamaika ekimenez osaturiko programazio eklektikoa proposatzen dute 5. Harria Festibala ospatzeko.
6 urte dira SNCFak Akitaniako tren geltokietan prekarioan zituen lokalak kultur eta sozial eragileen proiektuetarako eskaini, eta Hendaiako sortzaile eta artista desberdinek Borderline Fabrika irudikatzen hasi zirela. Baina etxeen antzera, ametsak ere harriz-harri eraikitzen diren bezala, ohartu gabe, Geltoki auzoari bizia emateko helburua duen 5. Harria Festibala ospatuko dute urriaren 12tik 15era. Programazio eklektikoa izango da, euren egoitzan zein kalean, eta musika, performance, antzerki eta bestelako ekitaldiekin.
Gaur egun ere, kultur hitzorduak antolatzeaz gain, eskualdeko arte eszenikoen sorkuntza gune eta artista askorentzako erreferentzia bilakatu baita Hendaiako tren geltokian dagoen kultur bilgunea. Eta aurten abian jarritako ikastaroei esker, baita antzerki, zirko edo dantza ikasi nahi duten haur eta gazteentzako eskola ere.
Ander Fernandez, Borderline Fabrikaren sortzaileetako bat da. Eta euren ADNa kulturala dela aitortzen badu ere, elkargune bat sortu dutelakoan dago. “Artista eta publikoaren artean partekatu eta kultura aitzakia hartuta, edonor gerturatu dadin nahi genuen”, argitzen du. Zentzu honetan, bertan ekitaldiak antolatzeko proposamenak jasotzeari ere irekiak daude. Eta aurtengo erronka berrien artean, abenduaren 1ean martxan jarriko duten EusKomedi Kluba proiektua dute. Euskarazko bakarrizketatzaile profesionalekin saioak antolatuko dituzte, arlo honetan hasi nahi dutenei ere, eszenatoki edo espazio bat eskainiz.
Harria Festibala
Urriaren 12tik 15era lau egunez haiekin bat egiteko gonbidapena luzatu dute. Ostegunean festibala aurkeztuko dute 12:30etan tokiko produktuen kantina zabaltzearekin batera. Asteburuko une jakin desberdinetan ere, kermeza eta Caravane de la Grande Illusion liburudenda ibiltaria ere topatu ahalko da festibala kari.
Kontzertuei dagokienez, ostiralean 22:00etan AMORANTEk bere disko berria aurkeztuko du, 20:30etako LURODEIren kontzertuaren ondotik. Gainerakoan, ikusgarri ibiltariek eta performance desberdinek osatuko dute programa larunbata eta igandean. Ander Fernandezek iragarri duenez, larunbatean 15:00tan eta igandean 11:30tan ‘Cha O – Les Ribines’ ikusgarri ibiltaria izango da. “Bretainako bi artista Hendaian egon dira hiru aste lanean, jendearen istorioak biltzen”, dio, “eta horrekin bitan eskainiko duten ikuskizun ibiltaria bertan soilik gozatu ahalko da”. Bestalde, Imanol Espinazo artistak prozesuan duen ‘Madelein’ pieza aurkeztuko du Avenida Zubiaren Hendaiako aldean 17:00etan. Eta ondoren (17:45ean) Irungo aldean aurreikusita zegoen ‘Culbuto’ zirku ikuskizuna izango da. Irungo Udalak ez die baimenik eman, beraz, Hendaiako aldean egingo dute.
Igandean, festibala borobiltzeko hitzordu gehiago izango dira, besteak beste, Altxalili Show kabaret ikuskizuna 21:30etan. Programazio osoa www.borderlinefabrika.weebly.com. Era berean, hor dituzue eskura, kontzertuetarako eta kale-antzerki ibiltarirako sarrerak.