Hendaiako alkateak prefetari, eta honek Frantziako barne ministroari igorriko dizkio herritar talde batek Avenida Zubiko hesia kentzeko eskaeraren alde jasotako 12.654 sinadurak. Horietatik 9.000 Hondarribia, Irun eta Hendaian, aurrez-aurre, paperean jasotakoak.
Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak uztailan Frantziako Tourraren etaparekin batera frantses gobernuak Avenida Zubiko hesia kendu eta biharamunean berriz ezarri ondotik, prefetari gutuna igorri zion azalpenak eskatzeko. Frantses gobernuaren migrazio politiken kontra, eta hesi horren kentzearen aldeko eskaera hainbatetan egin izan du. Baina herritar talde batek udan sinadurak biltzeari ekin eta gero, 12.654 bidasotarren babes eta indarrarekin luzatuko dio galdea berriz ere.
Joan den larunbatean sinadurak jasotzeko Irun eta Hondarribiko alkateekin batera harrera egin zion kolektibo honi herriko etxean. Eta orain prefetari igorriko dizkio, honek barne ministeriora helaraz ditzan.
Herritar talde hontako Mikel Erkiagak azaldu digunez, change.org plataforma bidez 3.000 sinadura inguru jaso badituzte ere, gehienak 9.000 baino gehiago Hendaia, Irun eta Hondarribian bildu dituzte, aurrez-aurre, paperean. Bidasotarren %15ak sinatu du eskaera honen alde.