2023ko aurrekontuen apirileko aldaketan (jeltzaleak gobernuan zirela) onartutako 30.000 euroak bikoiztu ditzala galdegin dio EAJk Abotsanitzi. Eusko Jaurlaritzak kanpaina egingo dela behin baieztatu duela, bertako dendak eta familiak laguntzeko eraginkorra den kanpaina indartu nahi du oposizioko talde nagusiak.
Joan den urtean herriko 50 dendatan bat egin zuten ‘Euskadi Bono Denda’ kanpainarekin. Hondarribiko Udalak 40.000 eurorekin lagundu zuen Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimena orduan. Izan ere, pandemiaren ondorioak arintzeko eta tokiko komertzioan kontsumoa sustatzeko ekimena izaki, 2020tik Hondarribiak urtero bat egin du kanpaina honekin. Eta udala eta jaurlaritzaren artean mobilizatutako diruak kontuan hartuta, 150.000 euroekin estrenatu bazen, 2021ean 200.000 euro bideratu zituzten, 2022ra luzatu zutena. Eta iazko urte amaieran ere, 40.000 euro gehitu zituzten urteko azken hiruhilekorako.
Aurten, aldiz, Hondarribiko Udalak 30.000 euro aurreikusia du bideratzea. Orotara, Hondarribian bizi diren 16 urtetik gorakoentzat 10 euroko 3.000 erosketa bonu (30 euroko erosketa bakots 10 euroko beherapena). EAJren udal bozeramalea Gonzalo Carrion ‘Txalo’ren arabera “pixkat eskax, bertako merkataria indartzeko helburua duela kontuan hartuta, eta inflazioaren ondorioz gabonetarako herriko familia asko justu iritsiko direla jakinda”. Jendeak bertan eros dezan eta kanpora joateko ohiturak aldatzeko tresna eraginkorra izan delakoan dago. Eta horregatik, “ahal den moduan jendea kalean ibiltzea eta bertan erostea bultzatu behar da, gutxienez bikoiztea proposatzen dugu”, dio ordezkari jeltzaleak. Talde politiko guztiak ados egongo direlakoan dago Carrion, eztabaidarik piztu gabe.
Izan ere, egun onartua den partida eskaxa izanagatik ere, eurek apirilan hartutako erabakia dela ez du ukatu jeltzaleak. “Une hartan oraindik Eusko Jaurlaritzak ez zuen erabakia hartuta, eta horregatik ez genuen kanpainarako partida zehatzik sortu, jakinda edozein unetan sar zitekeela kreditua kanpainarako aurrekontuan”. Eta hori da orain galdegiten dutena, “merkatariei zenbat eta gehio hobe, eta bizilagun guztiak ere, ematen badizkiozu 10 euro debalde konten”, dio.