Azken sei urteotan bikoiztu egin da TXINZERek proposatutako Ingurumen Hezkuntza programan parte hartu duten Bidasoaldeko ikasleen kopurua. Iaz 3.396 ikasle izan ziren, eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako helburuak lortzeko, “gazte belaunaldiak ezinbestekoak dira” agintarien arabera.
Garapen Iraunkorreko ‘Agenda 2030’ helburuak lortzeko Ingurumen Hezkuntza programa aurkeztu berri du Txingudiko Zerbitzuak. Eskaintza onartu eta euren ibilbide pedagogikoan txertatu nahi duten Irun eta Hondarribiko eskola guztiek parte har dezakete proposatutako tailerretan. Hala, Jose Antonio Santano eta Igor Enparan alkateak Txingudi Ikastolara bisita egin dute honen aurkezpena egiteko. Izan ere, ingurumen hezkuntzan Bidasoaldean aintzindaria da zentro hau. Eusko Jaurlaritzak lau urtetan behin aitortzen duen 'Eskola Jasangarria' saria hirutan jaso baitu dagoeneko.
Enara Renglon eta Markel Ugartemendia LHko ikasleek azaldu digute, irakasleen laguntzarekin batera, Txingudi Ikastolan Garapen Jasangarrirako helburuak lortzeko Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara eta DBH arte, eskola guztia inplikatzeko daramaten dinamika. Eskola eta kale-garbiketatik hasi, eta eskolan sortzen dituzten hondakin organikoak bildu eta konposta egiteko Zisare programa garatzen dute, urtez-urte prozesuaren fase desberdinak maila guztietako ikasleak txandaka inplikatuz. Laborategian ere aztertzen dute konposta, “zaborra dena nola ongarri bilakatzen” den ulertzeko, eta irakasleek diotenez, “haurrak zientziara bultzatzeko”. DBHko ikasleek, aldiz, uraren zikloa lantzen dute, araztegira bisita eginez. Dena dela, urtero gai desberdin bat landu izan du Txingudi Ikastolak. Aurretik ere eskolaren energia efizientzia diagnostiko bat egin eta hobekuntza plan bat martxan ezarri dutelarik, adibidez.
Eskola jasangarri gero eta gehiago
Txingudi Ikastolak 20 urte daramatza Ingurumen Hezkuntza programak garatzen. Baina eskualdeko hainbat eskolek parte hartzen dute urtero. Gero eta gehiago Leire Zubiturrek, TXINZEReko kudeatzaileak azaldu duenez. “Iaz Bidasoaldeko 3.396 ikaslek parte hartu zuten, azken 6 urtetan bikoiztu baino gehiago egin da eskolen parte-hartzea, %111 ikasle gehiagorekin”, argitu du.
Eskoletatik egiten duten ahalegina txalotu egin dute Jose Antonio Santano eta Igor Enparan alkateek. Hondarribiko alkateak nabarmendu duenez, “guk ikasi behar izan ditugun jarrera aldaketak, belaunaldi berriek naturaltasunez bereganatu dezaten, eta gizakiak eragin duen krisi klimatikoaren aurrean, lurrari lotu eta zaindu beharra dugula konzientzia sortzea da garrantzitsuena, ez dugulako beste mundurik”.
Zentzu honetan, Garapen Jasangarriaren 17 helburu edo ODSak ezin dituzte urtero landu. Baina aurten laupabosten gainean jarriko dute azpimarra. Aurtengo nobedadea, kontsumo ohitura zirkularrak sortzeko tailerra izango da. Bestalde, uraren zikloa eta erabilera jasangarria, energia berriztagarri eta garbiak edota hiri-inklusibo eta jasangarriak lortzeko zein klima aldaketaren ondorioak arintzeko hartu beharreko neurriak ere aztertzeko tailerrak proposatuko dizkiete eskolei.