Gaur-gaurko planteamenduaren kontra bada ere, EH Bilduk “jasangarritasun” irizpidean oinarrituta aurkeztu dituen 21 ekarpenak kontuan har ditzaten, HAPOaren dokumentua “noraino atzera bota beharko den” argitu dezala eskatu dio Udal Gobernuari.
Gaur-gaurkotz, HAPOaren plateamenduaren kontra irmo mantentzen da koalizio abertzalea. Baina Koldo Rodriguez, EH Bilduko hautetsiak “udalerria garatzeko ezinbestekoa den hirigintza plan baten premia kontuan hartuta” behar aldaketak egiteko gonbidapena luzatu du “alegazio epeak luzatzeaz gain, aldaketak erabakitzeko bidegurutze batean gaudela” ikusirik.
Aipatutako 21 neurrien artean, herrian etxebizitza sozial baten esperoan diren 700 herritar baino gehiagori erantzun ahal bezain azkarra, “baina modu jasangarrian” emateko proposamenak egin ditu EH Bilduk. Batetik, “etxebizitza berriak eraiki gabe, daudenak birgaitu eta alokairu sozialera bideratzeko neurriak” bultzatuz, edota birgaitu ezin daitezkeenen kasuan ere, irisgarritasun irizpideak betetzen ez dituztelako “adineko pertsonentzat egokiak ez direnak, jende gazteak erabil ditzake”. “HAPOa onartua egon gabe ere, gauza asko egin daitezkeela”, uste du Garoa Lekuonak.
Baina etxebizitza arazoari aterabideak edota herriko naturguneen eta biodibertsitatearen babesteko zein bertako zuhaitz espezieen aldeko apostua egiteaz gain, mugikortasun jasangarria izango da giltzarri etorkizuneko Hondarribian. Udalerri orok du gaia bere agenda politikoan. Eta Hondarribian bereziki, herritarren barne desplazamenduetan erronka handia badute, ez da txikiagoa kanpora begira ere, Amuteko zubitik sarrera-irteera bakarra duen herria dela kontuan hartuta. 5 proposamen egin dituzte, egoera hobetzeko. Hala, udal hauteskunde kanpainan EH Bilduren herri programan aurkeztu zuten Damarriko mugikortasun gunearekin batera, bisitarientzako Amutalden aparkaleku disuasorioa, aireportuko bidea autobus eta larrialdi errail batekin bikoiztea, Hondarribia-Irun lotzeko Amute-Gibeleta arteko oinezko, txirrinda, bus bidea, dira aurkeztutako alegazio zehatzen artean. Hari beretik, herriko aparkalekuen diagnostiko bat egin eta benetako beharrak zeintzuk diren argitu nahi du EH Bilduk. Eta Alde Zaharraren irisgarritasuna hobetzeko, bi igogailu proposatzen ditu. Azterketa teknikoen arabera kokapena zehazteke, Sabin Arana kaleko Madroñoaren plazatik ala Zumardi pareko ahaten parketik Kasino Zaharrera bat, eta bestea, bertatik ere Apezpiku plazara heltzeko, Kale Nagusia eskura jarriaz.
Xehetasun guztiak eman dizkigu Garoa Lekuonak.