Kirola egiten duten Irungo nesken kopuru apalarekin arduratuta, azterketa, diagnostiko eta ekintza plana martxan du Parean elkarteak udalarekin lankidetzan. Emakumeek eskura daukaten kirol eskaintza anitzaren gida osatu dute, kirola egin dezaten animatzeko.
Parean elkarteak Irungo Udalarekin lankidetzan antolatutako ekimen honetara gonbidatu dituzten kirol klub guztietatik 17k onartu dute gonbidapena. Hala, igande honetan Colon pasealekua kirolgune anitza bilakatuko da, 10:00etatik 13:30era modalitate desberdinak probatzeko aukera emanez. Berezitasun batekin.
Ekintza honen helburua baita, Irunen diagnostikatu duten arazo bati aurregitea. Izan ere, aurtengo Eskola Kirola programaren eredua aldatu egin dute, 8 eta 12 urte bitarteko 5 nesketik bakar batek parte hartzen duelako Irungo eskoletako programa honetan. Eta kirol klubetan ere nesken kopurua urria denez gero, egoera iraultzeko hausnarketa sakona egin dute eskola, elkarte eta udalak, duela 8 urte talde mixtoak antolatzeko ereduak porrot egin duela ikusita. Azken urteotan, lehia alde batera uztea erabaki zuten, kirol mota desberdinak probatzeko topaketak antolatuz ere. Baina horrek ez ditu Irungo neskak animatu. Bistan denez, Gipuzkoako gainerako eskualdeetako nesken %60a inguruk Eskola Kirola programan parte hartzen duen bitartean, Irunen ez da %20ra heltzen.
Parean elkarteak gogoan du, dantza akademien loraldia eman dela azken hamarkadan gure eskualdean, eta 2.000 neska inguru ari direla Irun-Hondarribiko ballet eta dantza garaikideko eskola eta akademiatan. Parean elkarteko Oihana Llorentek ez du dantzaren garrantzia baztertzen, “neskek eskura daukaten kirol eskaintza askoz ere zabalagoa dela” erakutsi nahian, igandeko ekimena antolatu beharra zegoelakoan dago.
Proiektu eta kirolari erreferenteak Antxeta Irratian
Zentzu honetan, ‘Emakumea eta Kirola’ ekimenaren baitan, aste honetan eskualdeko 10 eragile elkarrizketatu ditugu Antxeta Irratian. Gogoetarako zein eskualdeko kirol klubek abian jarritako kirola eta genero ikuspegia aintzat hartzen dituzten proiektuak, bai eta erreferenteak diren emakume kirolariekin hitz egin dugu. Segidan horietariko batzuk entzun ahal izango dituzu albiste honi lotuta.
Eneko Sanchez, gorputz heziketako irakaslea eta Eskola Kirola programaren eredu aldaketarako hausnarketa mahaian parte hartu duenaren azalpenak jaso ditugu batetik. Baina baita Santiagotarrak elkarteko Jone Otaño Aginaga, Realeko entrenatzaile eta jokalari ohia Sandra Ramajo, Irati Beorlegi oztopo-lasterketetako kirolaria edota Ainhoa Azurmendi kirol arloko psikologaren gogoetak ere. Bestalde, Mariño-Real Union nesken taldea sortzeko aurrera eraman duten bi urteko lanketaz mintzatu zaigu Igor Emery, Real Unioneko presidentea. Adibide batzuk besterik ez dira. Eta denek argi dute aurrerapausoak eman direla emakumeen kirol arloan, baina oraindik ere indarkeria sinbolikoa eta trabak topatu ohi dituztela. Gogoetarako