Pintxo eta trago, bertso eta bertsoen artean. Hori da Xilaba bertso txapelketaren Hendaiako hitzorduan iragarri dutena ostiral honetarako. Txapelketa honen zazpigarren edizioaren B multzoko kanporaketa jasoko du Hendaiako gaztetxeak 19:00etatik aurrera.
Bi talde, eta bertsolari gazte anitz bilduko dira Hendaiako kanporaketan. Hauek dira lehian sartuko diren bertsolariak: “IPIÑITZEKO BERTSUAK" taldean (Oihan Diaz, Josu Txoperena, June Diaz, Maddi Ane Txoperena, Aimar Karrika, Kerman Diaz) eta “MUTTIKOAK” taldean, aldiz, Irati Alcantarilla, Haize Lekuona, Ibai Lekuona, Miren Artetxe.
Aimar Karrika bertsolariarekin hitzegin dugu Iparrorratza saioan, taldekako bertso txapelketa honen inguruko berezitasunak argitzeko. Izan ere, Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako bertso txapelketa irailaren 22an hasi zen, Ortzaizen, eta azaroaren 18an bukatuko da, Aiherrako finalean.
Aurtengoan, 2018 eta 2019an bezala, taldekakoa da lehia. Eta beraz, 9 taldetan parte hartzen duten 39 bertsolari ariko dira beste hainbeste saioetan, txapela jantzi eta Amets Arzallus hendaiarrak 2021eko txapeldunaren lekukoa hartzeko.