Joan den urtean 60 lan jaso eta gero, Gau Beltzaren bueltan mikro-ipuinak euskaraz idazteko bigarren deialdia egin du Hondarribiko Blagan euskara elkarteak. Aurten indar bat egin dute gazteak anima daitezen, eta iaz “Izua” hautatu bazuten, aurten “Larri” hitza eman dute idazten hasteko oina.
Euskararen erabilerari bultzada eman nahian, Hondarribiko Blagan euskara elkarteak 'Gau Beltza' mikro-ipuin lehiaketa antolatu du bigarrenez. Heldu zein gazteen kategoriak deitu dituzte aurtengoan ere, baina gazteak animatu nahian, sariak parezkatu egin dituzte 350 eurotan. Gainera, herriko eskoletara zabaldu dute deialdia, gaia landu eta gazteak euskaraz idaztera animatu daitezen. 100 hitz besterik ez baitira.
Mikeldi, Blagan elkarteko kideak aitortu duenez, “Hondarribian euskararen erabilerak bizi duen egoera kezkagarriaren aurrean, Gau Beltzaren bueltan izua gai erakargarria izan daitekelako pentsatu genuen hau antolatzea”. Eta bistan denez, arrakasta bildu du. Joan den urteko aurreneko edizioan 60 lan jaso baitzituzten, Bidasoa eskualdekoak gehienak, baina Euskal Herriko hainbat txokotatik aurkeztutakoak ere. Zentzu honetan, euskararen erabilera ez ezik, urriaren 31ko Gau Beltza edo Arimen Gauak, azken urteotan komertzialagoa den Haloween arrotzarekin duen lehiaren aurrean ere, euskal kulturaren aldeko keinua egin nahi izan dute.
Lehiaketa antolatu eta sariak segurtatzeko, herriko komertzio txiki askoren laguntza eskertu nahi izan du Blagan euskara elkarteak. Eta gogoratu dute, gehienez ere 100 hitzeko mikro-ipuinak onartuko dituztela, egilea bakoitzak bina aurkeztu ditzakeelarik. Aurten “LARRI” hitza edo gaia eman dute mikro-ipuinaren oin bezala. Eta baldintza guztiak www.blagan.eus atarian topatuko dituzuen arren, azpimarratu beharra dago, urriaren 14a dela azken eguna euskarazblagan@gmail.com helbidera bidaltzeko.