«Musika talde gutxik lor dezakete hori, baina txaranga batek milaka lagun jar ditzake kalean dantzan»

Antxeta Irratia 2023ko urr. 3a, 00:00

Peña Poteo txarangako Endika Etxaide izan dugu Goizeko Kafean gonbidatu. Urriaren 7an Irungo Kale Nagusian eta inguruetan txarangaren 10. urteurrena ospatuko dute, Bizkaia, Nafarroa, Errioxa eta Madrildik iritsitako taldeekin 13 orduko txaranga festa batekin.

Sona handiko txaranga bilakatu da Peña Poteo izenekoa bere 10 urteko ibilbide laburrean. Eskualdeko auzotako jaietan, Donostiako Danborradan, GBC basket taldeko partidetako animazioetan, edota ezkontza zein besta pribatu askotan aritu dira, Bidasoaldean, Euskal Herrian zein espainiar estatuan ere. Malgutasun osoa baitute, kalean izan, jatetxe batean edo kamioi baten gainean aritzeko ere.

Izan ere, gaur egun taldea osatzen duten dozena bat kideek, “ezinbesteko formakuntza musikala eta malgutasuna” dute kaleak dantzan jartzeko tresna nagusia. Besta, herri, leku eta beharren arabera egokitu behar izaten dute euren errepertorioa eta plangintza. Ordu asko ematen dituzte entsegu, prestaketa eta hamaika asteburu lanean urtero. Eta profesionalak ez badira ere, ez baitute txaranga euren lanbide, serioski hartzen dute proiektua “lagunen artean ondo pasatzeko aitzakia” bat dutela aitortuta ere. “Gure aurreneko boloan, ez ziguten dirutan ordaindu, edaritan baizik”, kontatzen du Endika Etxaidek, “Peña Poteoren izena nondik datorren ideia baten egiteko”. Halere, musika talde gutxi dira gai 3.000 eta gehiago pertsona elkartu eta dantzan jartzeko. Eta Betti Gottiren San Martzialetako herri-bazkariaren ondoko kalejiran urtero lortzen du Peña Poteok hori.

13 orduko txaranga festa

Urriaren 7an, aldiz, euren 10. urtemuga dakiten bezala ospatuko dute. Musikarekin eta dantzan. Irungo Kale Nagusian eta inguruetako ostatu atarietan ariko dira 12:00etatik aurrera 13 orduko programazioarekin. Eta ez dira bakarrik egongo. Eguerditan Sestaoko ‘El Despiste’ txarangarekin batera ariko da Peña Poteo. Ondoren, 14:30etan Irungo Atsegiñan 150 lagunentzako bazkaria antolatu dute (azken sarrerak El Muroi tabernan daude salgai). Eta arratsaldez, 17:00etatik aurrera Mutil Gazteak txaranga (Iruñea), 20:00etan Estrapalucio (Errioxa) eta 23:30etatik aurrera, goizeko orenbata arte Madrilgo ‘Fugitivos’ txarangak animatuko du Irungo hirierdia.