Oiasso, erromatar aztarnategien lehen lerroan ezarriko duten termak berreskuratzeko lanak martxan

Antxeta Irratia 2023ko urr. 3a, 00:00

Museoaren atzealdean dauden kristo ondoko lehen mendeko bainu-etxea hiriko bigarren aztarnategi erromatarra da (Ama Xantalengo nekropoliaz gain), eta termak berreskuratzeko lanak 2024ko bukaeran behin bukatuko dituztenean, museoaren eskaintza indartu eta erreferentzia bilakatuko dira.

Oiasso hiri erromatarra zenekoan izan zuten garrantziaren pareko, Irungo erromatar termak aparteko aztarnategi arkeologikoa suposatzen dute. Baita hiriarentzat kultura eta turismoa arloetan aukera paregabea ere. 1996an deskubritu zirenetik “ondarea babesteko lan txukuna” egin dutelakoan da Jose Antonio Santano alkatea. Izan ere, 2007an Oiasso Erromatar Museoa eskola zaharretan kokatu zenean, aztarnategi honekin pentsatuz egin zuten. Eta orain iritsi da “aztarnategia babestu, museoa zabaldu eta ingurua honi hurbilarazteko helburuarekin urbanizatzeko” unea. Haatik, alkateak aitortu du, Europako Next Generation funtsa edo fondoei esker eman ahal izan diotela bultzada proiektu honi. Orotara, 2,5 milioi euro jaso baitituzte horretarako.

Proiektua, aldiz, sakonagoa da. Sarasate kaleko plazatxo berriarekin lotuko duen urbanizazio proiektuak osatuko baitu, aztarnagunera sarbide berriak. Berauneko muinotik, kanpoaldetik aztarnategia kristalera batetik trebeska ikusi ahal izango baita. Bertara bisita Oiasso Museotik pasarela bidez egin beharko bada ere. Hala, termak berreskuratu eta museizatzeko 2.573.777 euroko inbertsioa egingo dute, baina 1.490.000 euro bideratuko dituzte ere ‘Irun Destino Turistico Inteligente’ delakoa digitalizazio proiektura.

Juanjo Jimenez, Oiasso Museoko zuzendariak iragarri duenez, proiektu oso bat garatzen ari dira, Oiasso Museoaren atzealdetik erromatar termetara bisita egiteko ibilbidearekin batera, kristo ondoko lehen mendean “eraikina nolakoa zen irudikatzeko, aldameneko etxeen altuerakoa baitzen, eta Oiasso hirian izan zuten garrantzia ulertarazteko”. Aipatu duenez, gaur egun kantauri itsasoko kostalde osoan, Xixoneraino (Asturias) joan beharra dago hiri baten erdi-erdian tamainako aztarna arkeologiko erromatar bat topatzeko. Honek, “aukera handiak emango dizkio Irungo erromatar eskaintza eta turismoari”, Santano alkatearen arabera. Orain arte Ama Xantalengo aztarnategia aberastera datorrelako, are gehiago jakinik Oiasso Museoan bertan dagoela.