Bidasoa Institutoa: lan merkatuak eskatzen dituen profesionalen eta berrikuntzarako iturri

Koldo Nausia 2023ko urr. 26a, 17:23

Bidasoa Lanbide Heziketa zentroak OarsoBidasoa eta Bortzirietako 414 ikasle ditu aurten, enpresa askok euren formakuntza amaitzearen esperoan dituztela. Baina bi urteko lanbide ziklo ofizialetaz gain, langabetuentzat zein helduen formakuntzak ere eskaintzen ditu arratsaldetan. 

Bidasoa Lanbide heziketa zentroak 55 urtez gorakoentzat doako Trebakuntza Digitalerako ikastaroak antolatu ditu. Sei dira guztira, urriaren 30etik azaroaren 22ra. Adminsitrazio elektronikoa, online banka, sare sozialak etabar luze batetan trebatzeko aukera eman nahi diete “interneta gauza denetan dugun egunotan”.

Halere, hezkuntza zentro honetan Oinarrizko, Erdi eta Goi mailako Lanbide Heziketa Zikloetako goizeko eskaintzaz gain, arratsaldetan langabetuen berziklatzeko formakuntzak ere eskaintzen dituzte. Baina halako ikastaroak antolatzen dituztela aurreneko aldia dela aitortu digu Junkal Amunarriz Aranguren zuzendariak. Berekin hizketan aitortu digu, Irunen egonagatik ere, Oarsoaldeko zein Bortziritako ikasleak ere biltzen dituela. Aurten 414 ikasle jasotzen ditu Bidasoa Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak, eta unibertsitate ikasketen alternatiba diren heinean, lan munduratze-tasa handiagoa dute bertan eskaintzen dituzten mekanika, elektronika, domotika, zurgintza edota diseinu industriala bezalako ikasketek.

Langabeziarik gabeko ikasketak

Zentzu honetan, Euskal Herrian unibertsitate ikasketak dituzten gazteen %80ak bere ikasketei lotutako lan bat lortzen du ikasketak bukatu eta 3 urteren buruan. Lanbide Heziketan, aldiz, “ez dago apenas langabeziarik”. Eta lan munduratzea berehalakoa izan ohi da, lehen hiruhilekoan, kasuen %96an. “Gure zentrora enpresak datoz langile formatuen eske, lan poltsa dugu, baina lan egin nahi duenak lana lortzen du”, azpimarratzen du Junkal Amunarrizek. Aldiz, irtenbiderik badu ere, ikasleen %6a baizik ez da emakumea gaur egun. Eta lanbide heziketaren irudia lantzen ari dira arlo hori indartu nahian.

Era berean, ERASMUS + aukerari esker, iaz hainbat ikaslek Italia, Polonia eta Bulgarian praktikak egin zituzten. Eta aurten ere programa aurkezteko bilera egin berri dute Goi Mailako zikloko ikasleentzat.

Bestalde, aurten 900 orduko urtebeteko ikastaro bereziak ere martxan jarri dituzte, “betiere, lan merkatuak eskatzen dituenak estaltzeko helburuarekin”, droiak kudeatu eta konpontzeko titulua eskuratzeko edota 5G sareak ezartzeko titulazioa. Berrikuntzarik ez dute falta. Eta hainbat proiektu burutzen dituzte urtero. Aurten, adibidez, Hondarribiko Talaia Institutoko ikasleekin lankidetzan garatzen  energia berriztagarria ekoiztuko duen zuhaitz-eoliko baten proiektua diseinatzen ari dira.

Xehetasun gehiago eman dizkigu Bidasoa Lanbide Heziketa zentroko zuzendariak.