Bizikletaz etorri da Manu Eizagirre, Balazta elkarteko kidea Avenida Zubira gurekin elkarrizketa egiteko hitzordura. Zubiaren hesia kendu berri dutela, "pasabide naturala dela" oroitarazi eta "ea behin-betirako irekita geratzen den" desiratzen du. Nolanahi ere, zubi hau ez da "lotu beharreko eskualdeko bidegorri edo pasabide bakarra" aldarrikatzen du mugikortasun jasangarri baten alde.
Jasangaitza dena, aldiz, migratzaileek pairatzen duten egoera da bere ustetan. Eta "mugikortasunaz hitz egiten ari bagara, migrazioa ere mugikortasuna dela" oroitarazten du. "Eskualdean betidanik Zubernoako prioratotikan eta mendeetan zehar zubiak behar izan ditugu" dio, eta libre mugitzeko eskubidea aldarrikatzen du.
Balazta elkartea gizartearen parte den heinean, hainbatetan mobilizatu da Avenida Zubia berrireki zezaten. Hain justu, joan den uztailaren 5ean egindako azken ekintzan, gerora sinbolo bilakatu diren txirrindak zintzilikatu zituzten hesian, atzo hau kendu egin zuten arte bere horretan mantendu direnak. Egun hartan, Frantziako Tourraren aitzakipean hesia 24 orduz kendu eta bikoiztuta berrezarri egin zuen Frantziako Gobernuak, eta haurrak eta familiak mobilizatu ziren. Oraingo honetan, "behin-betirako" irekita gera dadin espero dute.