Sektore ugaritako enpresak erakartzen ditu enpleguaren asteak, Hego zein Ipar Euskal Herrikoak. Aurtengoan, 350 lanpostu horietako bat lortu nahian dabiltzatenek ez dute aurretiaz izena eman beharko, baina kurrikuluma eraman beharko dute. Bertan, gogoko eskaintza egiten duen enpresarekin elkarrizketa pribatuak egiteko aukera izanen da.
Irun eta Hondarribiko udalek urtean bitan antolatzen duten hitzorduan mugaren bi aldeetan langileak bilatzen dituzten enpresak izaten dira. Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirikeko lehendakariak adierazi duenez, maiatzeko eta azaroko edizioen artean ezberdintasunak badira, maiatzean zerbitzuen eta ostalaritzaren sektorea direlarik indartsuagoak; oraingoan berriz, industriak indar handiagoa du. Lan eskaintzak jadanik ikusgai dira bidasoa-activa.com webgunean.
"Tentsioa jeisteko"
Estitxu Urtizberea Hondarribiko alkateorde eta Bidasoa Bizirikeko lehendakariordearen hitzetan lan bila dabiltzatenentzat Lan Asteak abantaila argi bat du. Lan elkarrizketetara “bakarrik ez zoazela jakiteak, zu bezalako asko daudela jakiteak tentsioa jeisten du” haren ustez, halakoetan “oso arrotzak” sentitzen baitira lan bila dabiltzanak.
“Bakarrik ez zoazela jakiteak, zu bezalako asko daudela jakiteak tentsioa jeisten du”
Azaroaren 15ean, asteazkenez, goizeko 09:00tatik 13:30era izanen dira enplegatzaile eta lan bila dabiltzanen arteko topaketak, Ficoban. Eskaintza hautatu ondotik, hautagaiek enpresekin bilkura pribatuak eginen dituzte, eta horretarako behar beste curriculum inprimaturik eramateko aholkua luzatu dute.
Azken urteko bi deialdien jarraipena egin ondotik, enpleguaren asteari esker 46 enpresak 82 kontratazio egin dituztela eman du jakitea Bidasoa Bizirikek.