Memoria

Maritxu Anatol Comète sareko kideak plaza bat du Hendaian gaurdanik

Aimar Lopez 2023ko aza. 8a, 16:35

Avenida zubiaren Hendaiako aldean dagoen plazari Maritxu Anatol izena jarri dio Hendaiako Herriko Etxeak. Bigarren mundu gerla garaian Comete sareko kidea bilakatu zen; ehundik gora gudari salbatu zituela kalkulatzen da.

1909an Pausun jaio zen Maritxu Anatol, mugalarien alaba zen, eta ofizio bera izan zuen hark ere. Bigarren mundu gerla garaian, mugalaritza eta kontrabandoaz harago joan eta Comete sareko kidea bilakatu zen, Belgikatik heldu ziren abiadore aliatuei muga pasatzea ahalbidetuz. Zituen sare ofizialak eta kontrabandoko ezagutzak baliatuz, 113 abiatzaile aliatu eta 39 judutarri Ipar Euskal Herritik Hegorako bidean lagundu zien, hala haiei bizia salbatuz.

Memoria gune bat borobiltzen du plazari Anatolen izena emateak, lehenagotik Portugalgo kontsul Aristide de Sousa Mendes eta Espainiako II. Errepublikaren alde borrokatu zirenak omentzeko oroitarri bana baitziren bertan. Zubiaren Irungo aldean berriz, Lluis Companys Kataluniako lehendakaria naziek polizia frankistari bertan entregatu ziotela oroitzen duen plaka dago bertzeak bertze. Karga historiko handia duen Avenida zubia irekitzearekin batera beraz, izendapen honek lekuari merezi duen garrantzia historikoa ematen dio.

Espainiako II. Errepublikaren alde borrokatu zirenen omenezko oroitarriak Maritxu Anatol plazan

Karga historikoaz gain sentimentala ere badu izendapenak. Maritxu Anatolek Avenida zubia hamaika aldiz gurutzatu izateagatik ez ezik, bere izena daraman plakaren parean, ehun bat metrora, bere senar izan zen Eugenio Angosoren abizena idatzia duen pareta baitago.

Emakumeak karrika izendegian

Orain gutti arte, bi emakumeren izenak besterik ez zeuden Hendaiako karrika, plaza eta biribilguneen izendegian; haietako bat Edurne Zuri karrika. Elkarte feministen eskaerari kasu eginez, izendegia “feminizatzen” ari direla onartu du Kotte Ezenarro auzapezak, eta Maritxu Anatoli plaza bat eskaintzea dinamika horretan sartzen da. Lehenago, Enperadorearen etorbideko itzulgune bati Simone Vilalta izena eman zioten. 2021ean zendu zen Hendaiarra, hark ere bere azalean ordaindu zuen nazien basakeria, Ravensbrückeko kontzentrazio esparruan preso izan baitzuten.

Ezenarrok azaldu duenez, “karriken izenek usu oroitarazten dizkigute gizon ospetsuak”, baina “emazte asko ospetu dira historian zehar haien engaiamendu eta kuraiagatik”. Beraz, etorkizunean izendatuko diren karrika eta plazei ere emazte izenak ere jarriko dizkietela berretsi du auzapezak; Simone Weil filosofoari karrika bat eskaintzea adostua du jadanik herriko kontseiluak.

Hendaiako hautetsiak, militar beteranoak eta Anatol ezagutu zuten herritarrak bertaratu dira plakaren inauguraziora