Ekaitz Bertiz Apezetxea sunbildarrak bi sari jaso ditu azken asteotan, berak sortutako bi film laburrengatik. Alde batetik, Lekeitiko Udalak antolatutako Euskal Zine Bileran EITB Ikusleen Saria jaso zuen Hitza eman nion laburmetraiagatik. Bertzalde, Madrilgo III. Actrum International Film Festen ere ikusleen saria jaso zuen Eklispe morala lanarekin. Ttikitatik duen afizioa kontuan hartuta, Bartzelonan dabil orain zine ikasketetako hondarreko urtea egiten, eta dagoeneko urteetan grabatu duenak fruituak ematen ari dizkio.
Artez eta eskulangilez inguratuta egon da Ekaitz Bertiz ttikitatik. Ama ileapaintzailea da eta horrez gain, bere bi atatxiak ere eskulangileak dira. Agian hortik heldu zaio zinemarekiko maitasuna eta horregatik hasi zen kamera batekin jostetan. Argazkilaritzatik sartu zen zinemaren mundura eta ikasketak ere bide hortatik eramatea erabaki zuen. Azken urteetan film laburrak sortzen aritu da, baita pare bat film luze ere: Baserria hartu du gaitzak, Eustakio, Hitza eman nion, Eklipse morala, etab. Azken bi hauek gainera, sari bana eman dizkiote sunbildarrari berriki. Lehenak EITB Ikusleen Saria eta bigarrenak Madrilgo III. Actrum International Film Festeko Ikusleen Saria.
Harrera on honek gehiago sortzera bultzatzen du Bertiz, beti ere Sunbillako inguruetan eta bere familia eta lagunekin. Kataluniara joateak bere sorterriari balio gehiago ematea ekarri du eta horregatik, eskualdeko lurrak grabatzea gustatzen zaio. Bertzalde, bere inguruan dagoen jendearen laguntza ere inportantea da beretzat eta aktoreak ez diren pertsonekin filmatzea gustatzen zaio, “horrek ematen dion naturaltasunagatik”. Hain zuzen ere, bere lehengusu-lehengusinak dira bere "aktore izarrak”, eta badirudi horrela izaten segituko dutela.
Dramak grabatzen ditu gehien bat, beldurrezko filmak tarteko, eta euskal mitologiari keinua ere egiten dio bere grabaketetan. Euskal kultura eta hizkuntza berebizikoa baita sunbildarrarentzat, hurbilekoa goraipatzeko bidean. Egindako lanen bat Donezteben ikusgai egon zen orain dela urte batzuk eta orain ere, Hitza eman nion filma eskualdeko herrietako antzokietan ematea nahiko luke Bertizek, eta sarri saiatuko da hortan.