Kattalin noblia - Meakako adixkidea

«Nabaritzen dudana da, dantza saioak bukatu eta denek irrifarra marraztua dutela aurpegian, lasai eta erlaxatuak ateratzen dira»

Aitor Errazkin 2023ko aza. 17a, 10:27

Meakako Adixkideak Dantza taldeak deneri irekitako euskal dantza ikastaroak antolatzen ditu Hondarribiko Biteri eskolako kirolgunean. Aurten klaseak luzatu egin dituzte, astelehenetan eta asteartetan 19:00etatik 20:30etara. «Euskal dantza transmititzea da gure helburua, kaleko dantza eta herrikoia», dio dantza taldeko Kattalin Nobliak.  

Hilero lehen igandetan 12:00tan Irungo San Juan plazan mutxiko saioa antolatzen du Meakako Adixkideak Dantza Taldeak, eta gure eskualdeko euskal ospakizun askotan ere parte hartu ohi du. Euskal ihauterietan, Hondarribiko arraunlarien aurkezpenetan ikusi izan ditugu edota hainbat auzotako jaietan ere. Baina kalean aritzeko, etxeko lanak egin behar dira aitzinetik. Eta badira dozena bat urte dantza ikastaroa antolatzen dutela. Kattalin Noblia dantza taldeko kideak esan digunez, belaunaldi desberdinak pasa dira hasi zirenez geroztik: “gure eskualdeko kaleetan ikusten ditugun dantzari asko gure ikastaroetan aritutakoak dira”, argitzen du.

Hondarribian eskaintzen dute ikastaroa, Biteri eskolak lagatzen dien kirolgunean. Izan ere, dantza taldea Irungoa bada ere, ez du egoitza propiorik. Baina partehartzaileak ez dira denak bertakoak. Orohar, bidasotarrak baizik. 

Aurten ikastaroa luzatu egin dute. “Konturatu gera astean ordubeteko saioekin motz geratzen zitzaigula, eta froga moduan klasea ordu eta erdikoa jartzea erabaki dugu, dantza batzuk lantzeko aukera gehiago ematen du. Eta jendeak hobeto moldatu dezake bere agenda, ikusiko dugu konten geratzen diren”, dio Nobliak. 

Kultura transmisioa eta bizipoza

Dantza ikastaroak bi abiaduretan proposatzen dituzte. Lehen mailan, urratsak eta koreografiak ikasteko, eta hau menperatu eta gero, maila aurreratua dago errepertorio zabalago batekin. Fandango, arin-arina edota mutxikoak ikasten dituzte besteak beste. “Gure helburua da beti, euskal dantza transmititzea, kale-dantza eta herrikoia”, nabarmentzen du. 

Bestalde, harreman berriak eta sozializatzeko aitzaki bat izan daiteke askorentzat. "Klaseetan ez ezik, kalean herriz-herri antolatzen diren erromerietan adibidez, jendea elkartzen da eta nik nabaritzen dudana da, ikastaroetan eta dantza saioak bukatu eta gero, irrifarra marraztua dutela aurpegian, lasai eta erlaxatua ateratzen dira”. Aldi berean, euskara praktikatzeko aukera ere ematen dute. Ardura horrekin lan egiten baitute, eta klaseak euskaraz egiten dituzte. "Menperatzen ez duten batzuk ez dira oso eroso sentitzen, baina urratsak eta euskal dantza euskaraz dira, eta euskarara hurbiltzeko aukera ematen die", azpimarratu du Kattalin Nobliak Antxeta Irratian egindako elkarrizketan. Jarraian entzun dezakezu osorik. 

Euskal dantzen ikastaroan parte hartzeko, aldiz, 660 377 717 telefonora deitzea besterik ez duzue egin behar.