Politika

Migrazio legearen erreformaren eztabaida Hendaiara ekarriko dute gaur France Insoumise eta Podemos Euskadik

Koldo Nausia 2023ko aza. 17a, 12:18

Thomas Portes eta Sylvie Ferrer Frantziako Asanbladako diputatuak Hendaian izango dira, Elkarrekin Gipuzkoako Miren Etxebesterekin batera. Bi alderdiek mugaz gaindiko harremanak estutzen ari dira, eta bidezko migrazio-politika humanitarioak aldarrikatzeko ekitaldia antolatu dute Avenida Zubian (14:30tan). Eta 18:30tan mahaingurua Hendaiako Antton Abadia aretoan.

Podemos Euskadik eta France Insoumise (LFI-NUPES) alderdi frantsesaren arteko harremanak estutzen ari dira. Joan den urtean udal hauteskundeen harira dagoeneko, hainbat topaketa egin zituzten Irungo David Nuño eta Hendaiako Tom Dubois hautagaiek. Eta oraingo honetan, Europako migrazio politikei begiratuz, Frantziako Asanbladan eztabaidan duten migrazio legearen erreforma izango dute hizpide, ostirala honetan 18:30tan Hendaiako Zokoburuko Antton Abadia aretoan antolatu duten mahainguru irekian.

Bertan Frantziako Asanbladan diputatuak diren France Insoumiseko Sylvie Ferrer eta Thomas Portes-k parte hartuko dute, baita Gipuzkoako Elkarrekin taldeko bozeramaile Miren Etxebeste Lacombe irundarrak ere. Etxebeste, Portes eta Ferrerrez gain, gizarte zibileko hainbat elkartetako ordezkariek hartuko dute parte. Honek azaldu digunez, "immigrazioaren erronkari heltzeko eta bidezko migrazio-politika humanitarioak aldarrikatzeko" ere, aurretik ekitaldi politiko amankomuna egingo dute pasa den urriaren 30ean zabaldu berri duten Avenida Zubian. Kontzentrazioa 14:30etan deitu dute, eta errepublikarren omenezko oroigarrian lore-eskaintza egingo dute.

Podemos Euskadik Europar Batasuneko migrazio-politika murriztaileak salatu nahi ditu. Eta antolatutako hainbat ekitalditan, bi alderdiek migratzaile guztien giza eskubideen defentsarekin bat datozen migrazio-politikak eskatu dituzte hilabeteotan.

--