Balance dokumentala aurkeztu du Be Veggie azokan Julen Urtxegi bideogile irundar gazteak. Recicla-Birziklatu elkarte ekologistaren hiru sortzaileak jarraitzen ditu filmak, haien lana eta eginmoldeak erakutsiz.
"Jasangarritasuna alor positibo batetik jorratzen" du elkarteak Urtxegiren hitzetan, eta horregatik zaizkio "inspiragarriak". Hala, mezu hori irudien bidez hedatu du larunbateko aurkezpenean. Heldu diren aste eta hilabeteetan filma jasangarritasunarekin zerikusia duten festibaletan hedatzeko asmoa dute.
Bideogintzan ezaguna da eskualdean Julen Urtxegi, gaztea izanagatik bideoklipen eta publizitate bideoen munduan ibilbide luzea baitu. Balance hastapenetik bukaerara egin duen lehen dokumentala du, eta "denbora errekorrean" egin du, urrian hasi eta abendu hasieran aurkeztuz. Maia Muruaga berekin mintzatu da.