Hedabideak

DisplayEurope plataforma sortu da, Europa mailako informazio eta eztabaidaren plaza

Aimar Lopez 2023ko abe. 12a, 12:37

Europa mailako 17 hedabideren elkarlanaren fruitua da eta informazioa jasotzeko momentuan herrialde bakoitzaren “filtro nazionala” saihestea du helburu. 15 hizkuntzetan eskuragarri izanen da eduki guztia.

Europako 17 hedabideren edukiak, baita eduki originalak, bideoak, podcastak, artikuluak… horixe da DisplayEurope plataformak erabiltzaileei eskainiko diena. Abenduaren 12an Bruselan aurkeztu duten tresna berri honek “espazio publiko europearra” eraikitzen ekarpena egin nahi du, sortzaileen arabera.

Kelly Agathos aurkezleak azaldu du sorreraren filosofia: “Demokraziarentzat ezinbestekoa da eztabaida espazio bat izatea. Hedabideak garrantzitsuak dira horretarako, eta plaza amankomuna eskas genuen Europan”. Haren ustez, espazio mediatikoa oso lotua dago herrialdeei, eta aipagaiak europearrak direnean ere “filtro nazionaletik” landu eta eztabaidatzen dira. Horri aurre egin nahian sortu dute DisplayEurope.

Praktikan, momentuz 15 hizkuntzatan eskuragarri den informazio atari digital bat da. Edukiek bi jatorri izanen dituzte; batzuk DisplayEuropentzat bereziki sortuak diren originalak izanen dira, gehienak aldiz hedabide partaideen edukiak izanen dira. Eduki hauek 15 hizkuntza horietan irakurgarri edo entzungarriak izateko, itzulpen automatiko sistema konplexu eta berritzaile bat ondu dute.

"Ahotsak urrunago entzunarazteko"

Edukien jatorriari dagokion aniztasun horrekin, ahalik eta herritar gehienen ahotsa ordezkatzea da asmoa. Mohamed Bah mintzatu da aurkezpenean, Amsterdameko City Rights Radio irratiaren sortzailea, hedabide partaideetako bat. “Amsterdamen paperik gabeko herritarrak hunkitzen dituzten arazoak” kontatzen dituzte haiek, baina haien hedapen indarra Amsterdamera mugatua dagoela azaldu du. Plataforma honi esker, ahots horiek urrunago eramatea espero dute, baita urrunagoko ahotsak entzutea ere.

Antxeta Irratia ere DisplayEuropen partaide da. Euskara plataformaren 15 hizkuntzetan ez dagoen arren, hizkuntza eta kultura aniztasunarekin dugun konpromezua zoriontzen du plataformak.