Beñat Goitia gasteiztarrak irabazi zuen 2023an Antxeta Irratiak, Elkar Musikak eta Euskal Herria Zuzenean festibalak antolaturiko Paradisu Zinema Musika bekaren lehen edizioa. Iñigo Muguruza musikari irundarraren omenez antolaturiko sariketak Benizze proiektu musikala hautatu zuen, 2022tik Goitiaren bakarkako proiektua. 14 urte zituenetik aritu da musika munduan, "pausuz-pausu" euskal musika munduan murgilduz: Montauk taldeko kide izan zen, bertzeak bertze.
Elkar Estudioan egin dugu hitzordua berekin, grabaketa betean. Bere sorkuntza prozesuari buruz galdetu diogu, halako azpiegitura eta baliabideak bere eskura izateari buruz, baita euskal musika eszenarekiko duen ikuspuntuaz ere.
Musika estiloak akaso nehoiz baina fluidoak diren honetan, zaila zaio Goitiari Benizzeri etiketa musikal bat ematea. Etxean sortzen ditu oinarri musikalak, tresna informatikoekin, eta hitzak jarririk estudioan kantu horiek grabatzen ari da. Aitortu digunez, bekarekin argitaratuko den diska hau 2022ko Benizze estreinako lana baina "bortitzagoa, gordinagoa" izanen da, aldi berean "dantzagarria" ere izanen delarik.
Oraindik hilabete batzuk itxaron beharko dira lan berria entzun baino lehen. EHZ festibalean ere ariko da, zuzenean, Arberatzen ekaina bukaeran.