2024ko otsailaren 6ko berriak

Aimar Lopez 2024ko ots. 6a, 08:33

  • IRUNGO INAUTERIAK

Irungo Kemen dantza taldeak “Goizuetako inauteriak” ekarriko ditu irunera larunbatean. Urtero bezala, Kemen dantza taldeko helduek eta Adaxka taldeko dantzari gazteek euskal inauteriak ospatuko dituzte. Eguerdiko 12.00etan Pio 12 plazatik abiatuko dira eta hiri erdiko kaleak zeharkatuko dituzte.

  • OIHALETXEA DOKUMENTALA ETZI IKUSGAI

Urtarrilean Korrikak Azterketak Euskaraz kolektiboari Hondarribian egindako omenaldian aurkeztu ondotik, etzi estreinatuko da Euskal Telebistaren Primeran doako plataforman Oihaletxea dokumentala. Lander Garro zinegile Hendaiarraren lan berria aurtengo Korrikaren dokumentala da, eta omenduriko kolektiboaren borroka da gai nagusia. Zehazki, iazko udaberrian Seaskako hainbat ikaslek Baionatik Bordalera bizikletaz egindako martxa du ardatz, eta horren inguruan hainbat elkarrizketa.

  • PODCAST FORMAKUNTZA IRUNEN

Irungo udaleko gazteria sailak 16 urte gorako gazteei zuzendutako I. podcast ikastaroa antolatu du.

Bost saioko formakuntza planteatu da lehenengo edizio honetarako; lau teoriko eta praktiko bat. Azken honetan, ikasitako guztia praktikan jartzeko eta podcast bat grabatzeko aukera ere izango dute gazteek. Parte hartzeko gutxieneko adina 16 urte dira. Ikastaroa Olga Granderen eskutik egingo da, irratigintzan bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia duen kazetaria. Ikastaroak otsailaren 9, 16 eta 23an eta martxoaren 1 eta 15ean izango dira, arratsaldeko 18.00etatik 20.00etara. Izen emateko azken eguna gaur da, irun.org webgunean.