- IHAUTERIAK GAUR HASTEN HAINBAT HERRITAN
Ostegun gizena dugu gaurkoa, Euskal Herriko herri askotan inauterien hasiera markatzen duen data. Gure eskualdeetan, Beran eta Lesakan gaur hasiko dira haurrak gehienbat eskean, eta Hondarribian ere, atsaldean, musika eskolak antolaturiko desfileak emanen dio abiatzea asteburu luzeari.
- IRUNGO EUSKAL JIRA ARRISKU LARRIAN
Udara begira, abuztuan Hendaiako Hiri bestarekin batera eskualdeko hitzordu nagusietako bat kinka larrian dela jakinarazi zuten atzo antolatzaileek.
Txosna bidezko diru-sarrerak ez dira nahikoak Euskal Jirak dakartzan gastu ugariei aurre egiteko, eta horregatik, Kultura Sailak emandako dirulaguntza ezinbestekoa da Euskal Jira urtez urte ospatu ahal izateko.
- ATE IREKIAK BIRIATUKO IKASTOLAN ERE
Atzo Hendaiako ikastolako ate idekiak aipatu bagenituen, larunbat honetan Biriatukoak ere irekiko ditu ateak, Seaskako guztiek bezala. Ikastola erakusteaz gain, haien proiektua aurkezten diete guraso gazteei, baita herriaren bisita egin ere.
Euskal Autonomia Erkidegoan atzo ireki zen eskola publikoetako aurrematrikulazio epea eta otsailaren 23ra arte luzatuko da. Irungo eta Hondarribiko udalen webguneetan atxemanen dituzue eskoletako ate irekien hitzorduak.
- 2023AN JAIOTAKO HONDARIBITARREI ZUHAITZAK LANDATUKO DIZKIETE
Urteroko Zuhaitz eguna martxoaren 16an izanen da Hondarribian, San Telmo inguruan. Ohikoa denez, iaz jaiotako haur bakoitzeko zuhaitz bana landatuko dute, ametzak aurten. Modu berean, 2017an jaiotakoei ere makila bana banatuko zaie. Datu garrantzitsu bat ere eman du iragarpen honen karietara: 2017an 133 haur jaio ziren Hondarribian, eta hainbeste makila banatuko dituzte. Iaz, aldiz, 93 haur jaiotza izan ziren Hondarribian: 6 urtean, 40 haur guttiago jaio dira. 2022rekin konparatuz, bi haur guttiago jaio ziren iaz.