2024ko otsailaren 9ko berriak

Aimar Lopez 2024ko ots. 9a, 08:34

  • BAKARKA TAULAN FESTIBALA GAUR HASTEN

Gaur hasi eta igande arte, Hendaiako Mendi Zolan kulturgunean musika, antzerkia eta umorea nahasiko dira, euskaraz eta frantsesez. 12. Edizioa du festibalak, eta Mendi Zolan aretoaren berotasuna profitatzen dute publikoarekiko hurbiltasuna sustatzeko.

Gaur 20.30ean izanen da lehen ikusgarria, frantsesez. Euskaraz, igandean arratseko 19tatik landa Beatriz Egizabalen Magma Mia ikusten ahalko da. Informazio guztia hendaye-culture.fr webgunean edo zuzenean Mendi Zolan aretoan.

  • HONDARRIBIAN ISURIAK

Otsailaren 7an, udal-zerbitzuek Santa Engrazi errekan kontrolik gabeko isurketa bat zegoela identifikatu zuten. Ezarritako protokoloari zorrotz jarraituz, berehala jakinarazi zitzaien 112 larrialdi-zerbitzuari eta URA agentziari, azterketa sakona egiteko.

Isurketaren laginak hartu ziren, analisiak egiteko, eta, proben emaitzak eskuratu ondoren, gertakariarekiko erantzukizunak zehaztuko dira.

Udal-zerbitzuek, beste erakunde batzuekin lankidetzan, natura-ingurunea errespetatzeko lan egingo dute, eskura dituzten baliabide guztiekin.

  • IRUNGO KIROL GALA

Gaur hasi eta heldu den igande arte, irundarrek udalaren webgunearen bidez bozka dezakete zer kirolariri eman aurtengo Irundarren Saria. Sari hori da otsailaren 20an ospatuko den Kirol Galaren bereizgarrietako bat, emakumezko eta gizonezko kirolari onenen sariekin batera.

Xehetasun guztiak gaur, Kiroletik emankizunean atsaldeko 15tatik landa Antxeta Irratian, Jean Pierre Harokarene eta Paola Oscozen eskutik.

  • HENDAIAKO ITSAS OSPITALEAN EGUNEKO ZERBITZU BERRIA

Hendaiako itsas ospitaleak zerbitzu berria inaguratu zuen asteartean, 12 eta 24 pertsona artean artatzen ahalko dituen eguneko ospitalea. 400.000 euroko inbertsioari esker, ortofonistak, fisioterapeutak, psikologoak eta neuropsikologoak daude bertan bertzeak bertze, eta punta puntako teknologiari esker analisia zehatzak eta arta egokiak emateko aukera da orain.