- IRUNEK ETA HONDARRIBIAK BAT EGIN DUTE ESKUALDEKO OSASUNGINTZA HOBETZEA ERREKLAMATZEKO
Irungo eta Hondarribiko udalek bilera egin zuten joan den astean osasun-langileekin, eta bilera bat eskatu diote Osasun sailburuari, eskualdeko osasun-egoerari behin betiko eta premiazko konponbidea emate aldera.
Irungo udalak jaurlaritzari aspaldi egiten dion eskaerari batu zaio Hondarribiko udala, Oñaurren osasun etxe berri bat eraikitzea hots. Bi herriko etxeek ostiralean hedaturiko ohar batean, Cristina Laborda Irungo alkateak oroitarazi zuen auzo horretan 10.000 metro karratuko lursail bat duela udalak anbulatorioa eraikitzeko prest.
Igor Enparanek, bere aldetik, Hondarribitarren onerako Bidasoa Ospitala handitzeko eta espezialitate gehiago ekartzeko eskatu du, azaldu duenez, “osasungintza funtsezko zerbitzu bat baita eta sahiestezina izan behar bailuke”.
- HIRU GOYA SARI JASO ZITUEN LARUNBATEAN 20.000 ERLE ESPEZIE FILMAK
Duela urtebete inguru hasi zen festibaletan estreinatzen, eta Berlinaleko zilarrezko hartza irabazirik hasi zuen ibilbidea. Zinegeletan luzaz ibili ondotik eta plataformetarako jauzia egin berririk, espainiar estatuan zinemaren sariztatze gorenean izendapen andana zituen. Larunbatean izan zen ekitaldia, eta Gidoi onenaren eta zuzendari berri onenaren Goya sariak lortu zituen Estibaliz Urresola zuzendariak, taldeko emakumezko aktorerik onenaren saria berriz Ane Gabarainek.
Haurrengan transexualitatearen gaia du ardatz filmak, Esti Urresola zuzendariak azaltzen digu.
- KIROLETAN…
Garaipena erdietsi zuen Bidasoa Irunek ostiral arratsean Artalekun. Bathco BM Torrelavegaren aurka 34 eta 31ko emaitza nabarmendu zen, erritmo azkarreko partida batean.
Hurrengo partida igandean izanen du Bidasoak, Valladoliden aurka etxetik kanpo.
Futbolean berriz Real Unionek ez du Bidasoaren zori berdina izan, 2 eta 1 galdu baitzuen larunbatean Tarragonan. Bigarren zatiaren lehen minutuetan gol ederra sartu zuen Benitok, baina txuribeltzek ez zuten katalanen bi golak gainditzea lortu.
Real Unionek ere igandean izanen du hurrengo norgehiagoka, Celtaren aurka etxean, Stadium Galen.
Errugbian, Hendaiak 21 eta 3 galdu zuen atzo Soustonsen aurka. Igande honetan AS Pont Long taldea hartuko du Ondarraitzen.
Eta errugbian beti Irunen, Biok-Txingudiko emakumeek 5 eta 24 galdu dute Bera Bera Ordiziaren aurka. Ligako lehen faseko azken partida zen, eta zazpigarren puntuan bukatu dute 21 punturekin.
Gizonezkoek berriz 22 eta 15 irabazi zuten Zarautzen aurka, martxoaren 2an izanen dute hurrengo norgehiagoka Bilboren aurka.