2024ko otsailaren 13ko berriak

Aimar Lopez 2024ko ots. 13a, 08:34

  • LEHEN SAIAKERA DOKUMENTALAK MIGRANTEEK BIDASOA ZEHARKATZEKO EGIN BEHARREKO AHALAEGINA LEHEN PERTSONAN ERAKUSTEN DU

Irun eta Hendaia arteko mugak suposatzen dituen eskubide urraketen erretratua egin dute Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazio hiru ikaslek, Lehen Saiakera dokumentala delarik horren fruitua. Azken bi urteetan bederatzi pertsonaren heriotza eragin du mugak, eta horixe abiapuntutzat hartuta osatu dute dokumentala. Lehen pertsonan grabaturiko irudiak eta eskualdeko hainbat ekintzaile, kazetariren eta nola ez etorkinen elkarrizketak nahasten ditu filmak. Ostegun honetan Oiasso Museoan proiektatuko dute, Hizkuntzak Mugarik Gabe ekitaldian, AEKk eta Irungo Harrera Sareak elkarlanean antolaturik.

  • IRUNEN ABIAN DIRA “HAURARTEAN 0-2” PROGRAMAKO TAILERRAK HAZKUNTZAN LAGUNTZEAREN INGURUAN

Tailerretan parte hartu nahi izanez gero, asteazkenetik aurrera izena eman daiteke, Udaleko atariaren bidez. Gogoratu behar da ekimen hau ama, aita eta familientzako dela eta helburua haurren eskubideen inguruko tokiko ikasketa-komunitate bat sortzea dela.

Oraingo honetan, sei tailerrek osatzen dute programa; besteak beste, haurdunentzako yoga klaseak eta estimulazio goiztiarreko tailer bat. Tailer bakoitzean eman behar da izena, otsailaren 24tik aurrera, ostegunetan eta larunbatetan, martxoaren 16ra arte.

  • HENDAIAKO IHAUTERIAK LARUNBATEAN IZANEN DIRA, GAZTELU ARETOAN

Hendaiako plazatik Gaztelu Areto ingurura mugitu da aurten ihauteria ere, erdiguneko lanak direla eta. Leku aldaketak ez du baina ospakizuna trabatuko, larunbatean atsaldeko 14.30tan hasiko baitira haurrentzako animazioak, 16.30tatik landa ohiko elkarteak desfilean hasi aitzin, leku berean Zanpantzarren auziarekin bukatzeko.

Zanpantzarren auziaren ondotik, Matraka elektrotxarangarekin eta DJ Anttonekin animazioa izanen da Gaztelu Aretoan. Hitzordua, larunbatean Hendaian.

Biriatun, hilaren 24an izanen da ihauteria etxez etxekoarekin, eta Urruñan ere joan den larunbatean etxez etxekoa eginik bigarren eguna otsailaren 24an izanen da, Zanpantzarren auziarekin eta Gazte asanbladak antolaturiko gaualdiarekin.

  • AUTODEFENTSA TAILERRAK BAGERA ELKARTEAREN ESKUTIK, ARTE MARTZIALETAN OINARRITURIK

Bagera Hendaiako elkarte feministak Amets Yoseikan Budo elkartearekin batera, autodefentsa ikastaldiak antolatu ditu Pausuko Iturralde gelan. Joan den larunbatean hasi ziren, eta hilabetean behin bertze bi saio ere antolatuko dituzte, emazteak arriskuan izan daitezkeen hainbat egoeratan haien burua babesteko baliabideak emate aldera.

Hurrengo hitzordua martxoaren 16an izanen da, larunbatez, goizeko 10:00ean Pausuko Iturralde gelan. Izena emateko, bagera.komunikazioa@gmail.com helbidera mezu bat idaztearekin aski da.