2024ko otsailaren 14ko berriak

Aimar Lopez 2024ko ots. 14a, 08:21

  • EUSKARAZKO ANTZEZLAN BERRI BAT HENDAIAN IKUSTEN AHALKO DA OSTIRALEAN

Iduzkilore antzerki konpainia lan berri batekin itzuli da taula gainera 2024 urtearekin batera, eta ostiralean Hendaian izanen da Ihesi antzezlan berria.Ostiralean arratseko 20:30ean Hendaiako Borderline Fabrikan ikusgai izanen da Ihesi antzezlana Korrika kulturalaren kari. Sartzeak bertan erosten ahalko dira, 10 euroren truk.

  • IRUNEN EUSKARAREN HILABETEA OSTIRALEAN ABIATUKO DUTE

Otsailaren 16 honetan abiatu eta martxoaren 22 arte luzatuko da Irunen Euskararekin batera, Korrika! Lelopean eginen den euskararen hilabetea. Udalak nagusiki hiriko ikastetxeetako ikasleei begira antolatu badu ere, publiko zabalari begira bi jarduera ere izanen ditu aurtengo edizioak.

Publiko zabalari begira antolatu dituzte ostiral honetan izanen den Bizkarsoro filmaren proiekzioa eta Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai? Solasaldia martxoaren 7an. Josu Martinezen Bizkarsoro ostiral honetan arratseko 19:00tan proiektatuko dute Amaia Kultur Zentroan. Sartzea urririk da, baina erreserba egin behar da, Irungo udalaren webgunean edo Turismo bulegoan.

  • RAPHAEL LASSALLETTE HENDAIAKO AUZAPEZ OHIAK KARRIKA BAT DU BERE OMENEZ ATZOTIK

2021eko martxoan zendu zen Raphaël Lassallette, 1981 eta 2001 artean Hendaiako auzapez sozialista izandakoa. Herriko Etxeak argi utzi zuen bere izana omentzeko karrika bati bere izena emanen ziotela, eta atzo aurkeztu zuten plaka berria. Hala, Uharka karrika edo Rue des Réservoirs zena, Raphael Lassallette karrika da atzotik. Villa Conchako biribilgunetik Enperadoraren etorbidera doan karrika da, auzapez ohia zenaren familia etxea karrika horretan kokatua delarik.

  • AP-8RA SARTZEKO IRUN MENDEBALDEKO ORDAINLEKUA ITXIKO DUTE GAUR GAUEA

Bidegi, Irungo ordainleku nagusiaren parean 300 metroko hirugarren errei bat egiteko lanak egiten hasi da Bilborako noranzkoan. Hori dela eta, asteazken honetan, otsailak 14 gauean, Irun mendebaldeko ordainlekutik edo Txingudi merkataritza gune ondotik AP-8rako sarbidea itxita egongo da 22:00etatik 06:00etara. Alternatiba gisa erabiltzaileek Oñaurreko sarrera erabili ahal izango dute, ondotik prezio garestiagoa ordainduz edo GI- 636 errepidetik jarraitu Oiartzungo lotuneraino, eta gutxiago ordainduz.