"Lusaziako Sorbiar jendearekin: Autonomia kulturalaren bideetatik"

Aitor Errazkin 2024ko ots. 14a, 15:59

Antxeta Irratiak AMARC sarearen baitan zituen harremanei tiraka iritsi nintzen Saxoniako hego-ekialdera. Alemania, Polonia eta Txekiar Errepublikaren arteko muga hirukoitzean zen Zittau herrian eta bertan zuen estudioa Radio Zett irrati komunitarioak. Eskualde buru den arren, Zittauk 25.000 biztanle inguru ditu eta populazioa eremu oso handi batean barreiaturik bizi da. 

Irratiaren egoitza, Alemania Demokratikoaren garaiko hotel batean kokatua zen. Sozialismoaren garaian, herri gehienek zuten Hotel publiko bat iritsi zitekeenak lo-lekua izan zezan. Sarrerako kristalen, eskailerako moketen eta eraikin hark pairatzen zuen ahanzturan murgiltzea, denboran atzera egitea bezala zen. RDA-ren denbora kutxa bat zen Radio Zett-en egoitza hura.

Irratiko lagunekin solasalditxo bat izan ostean, Nebelschütz herrixkara abiatu ginen. Ordu beteko bidaian nire kide izango ziren Karl eta Friedrich-ekin adiskidetzeko tartea izan nuen. Poloniatik gertu ginen eta Polizei-aren kontrol ugari ikusi genituen. Ausazkoak ziren, sekretak etorkinen ehizan ari baitziren susmagarritzat zituzten ibilgailuak momentuan gelditu eta arakatuz. Tamalez, normaltasun berri baten eszenak ziren haiek.

Nebelschütz-era, edo zuzen esanda Njebjelčicy-ra iritsi ginen. Lurralde Sorbiarrean ginen ordurako. Sorbiarrak, Wendoak edo tokiko hizkuntzan Serbja-k egungo Alemaniako ekialdean bizi diren gutxiengo etnikoa dira. Familia eslaviar handiaren adar bat dira eta bakarrak, Polonia eta Alemania banatzen dituen Oder ibaiaren ekialdean. Saxonia eta Brandenburgo estatuen artean diren Lusazia gora eta Lusazia behera dira etnia osatzen duten 60.000 lagunen bizi-lurraldea. Jatorri eslaviarreko hizkuntza mantentzeaz gain, beste hainbat xehetasun kultural bizirik atxikitzeko borrokatu dute gaur egun arte.

Njebjelčicy-n Emma eta Paul-ek eman beren etxera ongi-etorria. Emma Soraboen artean zen jantzi tradizionalen jostun trebatuenen artean zegoen, moda folklorikoaren jakintsu eta babesle sutsua. Paul aldiz, Njebjelčicy-eko alkate izana zen kasik 20 urtez eta orduan Sorbiarren Parlamentuko kidea zen. Komunitateak asko estimatzen zituen bi pertsona ziren. Arkitektura tradizionalaren parametroen baitan birgaituriko etxe bero hartan hamaika maneratan kozinaturiko txerrikiak jan genituen. Afalondoan, Paul-ek egindako likoreak probatu eta herrien arteko loturak josten hasi ginen. Antza RDA-ren garaian Sorbiarrek aitortza handiagoa bizi zuten, Errusiako agintariak bezalaxe beraiek ere eslaviarrak zirelako rusofiliak leku handia zuen lurralde alemanean. Bloke sozialistak kolapsoa izan zuenetik, Germania bateratuak bazterrean zituen, beste zenbaiti aitorturiko eskubide eta autonomia kulturala ukatuz herri sorbiarrari1.

Euskal jendeaz ere interesatu ziren, ohitura, hizkuntza eta kultur adierazpideez. Likoreek olioztatzen zuten konfiantzarekin laster auzi politikoa mahaigaineratu zen. Ordezkari sorbiarraren ustez, Estatu berrien alde borrokatzea baino, zentzudunena autonomia kulturalaren alde egitea zen. Erantzun nion, tokiko baldintzen arabera herri bakoitzak askapenerako bideak aukeratzeko eskubidea zuela. Horretan ados egon ginen, baita bidea delakoa izanda ere elkarri elkartasuna adieraztea ezinbestekoa dela. Horixe baita eta ez beste ezer, herrien arteko samurtasun internazionalista.

  1. Alemania lau gutxiengo babestuak dira eta “gutxiengo nazional” bezala izendatuak dira: gutxiengo daniarra, sorbiar jendea, frisiarrak eta alemaniar sinti eta romák. Gobernuaren arabera, hizkuntzak ere nolabaiteko babesa dute: daniera, goi eta behe sorbiarra, iparraldeko frisiera eta Saterland eta erromaniera. Edonola ere egoera ez da berdina denentzat. Frisiarrek eta daniarrek adibidez ordezkaritza babestua dute Bundestag-en eta Sorbiarrek ez dute horrelako ezer. https://www.deutschland.de/es/topic/politica/alemania-europa/lenguas-regionales-y-de-minorias-en- alemania