2024ko otsailaren 19ko berriak

Koldo Nausia 2024ko ots. 19a, 08:06

  • HIZKUNTZAK MUGARIK GABE EKITALDIA EGIN ZUTEN OSTIRALEAN

Egoera administratibo irregularrean dauden herritarrek euskara dohainik ikasteko eskubidea aldarrikatu dute AEKk eta Irungo Harrera Sareak, Korrika Kulturalaren baitan. Korrikaren leloa baliatuta, euskararen Harro Harrera Herria garela aldarrikatu zuten ostiralean, Irungo Oiasso Museoan egindako ekimen nazionalean, migratzaileen hizkuntza-eskubideak ere, agenda politikoan ezarri nahian.

  • KORRIKA KULTURALAK AUZOZ AUZO JARRAITZEN DU IRUNEN

Korrika Kulturalaren haritik, martxoaren 14tik aurrera Irundik Baionarat egiteko erronkaren aurretik, badute Bidasoko AEKn zer eginik. Katea auzoko Korrika Eguna behin ospatuta, Larrendiko Korrika Eguna dator heldu den asteburuan (otsailak 24). Izan auzoka, izan eskoletan zein Harrera Sarea bezalako bestelako eragileekin elkarlanean, motorrak berotzen ari baitira euskararen herria aktibatu nahian.

  • FAMILIA UGARIEI AHOLKULARITZA ESKAINIKO DIETE BIHAR

Hirukidek, EAEko familia ugarien elkarteak aholkularitza saioak antolatu ditu otsailaren 20an Hondarribian, Zuloaga Etxean. Aurkezpen ireki bat eginen dute arratsaldeko 18:00tan, baina horrez gain egun osoan zehar buruz-buruko saioak ere eskainiko dituzte. Asteartean bertan goizeko 09:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30etara informatzen ariko dira bertan. 

Ibai Arberas Hirukideko teknikariak azaldu digunez, famili ugari asko dago oraindik hobari eta laguntzei buruz zalantza handiak dituztenak.

  • KIROLETAN...

Bidasoa Irunek urrezko bi puntu eskuratu ditu Valladoliden 33-35 irabazita, eta ASOBAL Ligako bigarren postuaren lehian sendotu egin da. Real Unionek, aldiz, partidaren azken jokaldian banako berdinketa lortu zuen atzo Stadium Galen Celta Fortunaren aurka, eta sailkapenaren epelean kokatu da.

Baina asteburuko kirol emaitzarik aipagarriena Iker Arozenak ekarri du. Oureneseko Atletismoko Espainiako Txapelketan, luzera jauzian urrezko domina eskuratu baitu.