2024ko otsailaren 21eko berriak

Koldo Nausia 2024ko ots. 21a, 08:14

  • PLASTICOS ALAI ENPRESAN GARAIPEN SINDIKALA

Irungo Plasticos Alai kimika enpresako langileek hiru urterako lan hitzarmen berrirako akordioa lortu zuten atzo. Lantegiko 85 langileetatik %70ak grebari ekin zion joan den astelehenean aste osorako, eta bigarren greba egunean lortu dute zuzendaritzak euren aldarrikapenak onartzea. 2022. urteaz geroztik ari dira enpresako akordioa negoziatu nahian, baina negoziatzeko borondate falta medio, ELA eta LAB sindikatuen eskutik grebara jo dutenean mugitu da enpresa. Hiru urterako hitzarmena izenpetuko dute, KPIaren araberako soldata igoerak, bai eta lanaldiak murriztea eta lan baimenetan hobekuntzak ere onartu dizkiete.

  • IRUN, ETXEBIZITZA ALDETIK, TENKATUA

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak (EEB) otsaileko txostenean argitaratu duenez, Irunek tentsio handiko eremu izendatzeko bi baldintzak betetzen ditu: bizilagunek euren diru-sarreren %30 baino gehiago alokairuak eta etxebizitza-gastuak ordaintzeko bideratzea; edota azken bost urtean bertako alokairuen prezioak KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana. Izan ere, Irunen 2017tik 2022ra %18,5 igo da alokairuaren hileko batez besteko prezioa. Eta gune tentsionatutzat jo daitezke Irungo eremu edo auzo guztiak gainera.

  • HAURREN BABESGABETASUNAREN AURKA FORMATZEN ARI DIRA UDAL LANGILEAK

Adingabeekin lan egiten duten Irungo udal langileek, haurren babesgabetasun egoerak detektatzeko trebakuntza jasoko dute. Nuria Alzaga zinegotziak gaur jakitera eman duenez, adingabeekin tratu zuzena duten langileen lana hobetzeko helburua dute, izan haur izan nerabeentzako zerbitzu eta programak garatzerako garaian. Eta bereziki, babesgabetasun egoerak ahal bezain pronto detektatzeko.

Udaltzaingoa eta Gazteria arloko Haurtxoko eta Gaztelekuetako langileak izan dira aurrenekoak formakuntza jasotzen dagoeneko. Baina Kirol, Hezkuntza eta Osasun arloetako udal teknikariak eta aurrez-aurreko zerbitzuetan ari direnak ere trebatuko dira.

Gaur bertan, eta otsailaren 28an, kirol arlokoen txanda izango da, udal teknikariak ez ezik, eskola kiroleko begiraleek eta kirol taldeetako profesionalek ere parte hartuko dute.

  • ESKUALDEARI BERDINTASUNAREN ALDEKO LANEAN AITORTZA

Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa biziriken bitartez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena jaso berri dute, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen bitartez, Gasteizen egindako "Soldata-berdintasunarekin konprometitutako enpresak" jardunaldiaren. Agentziako langileek osatutako Berdintasun Batzordearen bitartez, Berdintasun Plan bat jarri zuen abian 2020an.

Plan horretan, beharrak, lortu beharreko helburuak eta egin beharreko ekintzak jasotzen dira, "lan-eremuan mota guztietako desberdintasunak ezabatzeko, langile guztiak sentsibilizatzeko eta berdintasun-politiketan trebatzeko, komunikazio inklusiboa, laneko jazarpen-egoerak prebenitzea edo plantillako lan-baldintzak berdintasunera egokitzea bezalako alderdiak landuz.

  • TITULUAK HOMOLOGATZEKO ZAILTASUNAK AGERIAN

Baina berdintasuna lanean ez da genero kontuaren baitan soilik, jatorriaren araberakoa ere. Irungo emakumeen %15ak kanpoko jatorria duela kontuan hartuta, horietariko askok arazoak dituzte euren jatorrizko herrialdeetan ikasi eta duazkaten titulazioen homologazioa lortzeko, hortaz lan egiteko. Hori dela eta, lan prekarioagoetan lan egitera behartuak ikusten dira askok.