2024ko otsailaren 23ko berriak

Koldo Nausia 2024ko ots. 23a, 08:52

IRUNGO HARRERA SARERAREN AZKEN DATUAK:

Atzo aipatu genuen 51 lagun artatu behar izan zituela Irungo Harrera Sareak San Juan plazan asteazkenean, hilabeteotako markarik handiena. Baina atzo marka hori birrindu egin dute, eta 76 migratzaile iritsi dira Irunera. ‘Louis’ tenpestaren erdian ere, GauTxoriko bolondresek beste 22 lagun bideratu dituzte Gurutze Gorriko aterpetxera gau hontan. 

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN TREBA PROGRAMA HONDARRIBIAN:

Gipuzkoako Foru Aldundiak haur, nerabe, guraso zein profesionalei zuzendutako Treba programa Hondarribira iritsi da. Udalarekin lankidetzan atzo eman zuten osasun mentala eta pantailen erabilerari buruz, familiek dituzten zailtasunetan laguntzeko programaren aurreneko tailerra. Eta beste hiru programatu dituzte. Aurreneko bietarako plaza guztiak agortuta, beste bietarako deia luzatu dute, parte hartzea dohainik dela gogoratuta. Martxoaren 18an nerabeen osasun mentala landuko dute, eta maiatzaren 8an haurren eta nerabeen emozioak. 

SOLAS JOLAS UDALEKUAK IRUNEN:

Otsailaren 26tik martxoaren 11ra 14:00ak arte izena ematen ez dutenek udaleku irekietan parte hartzeko aukera galduko dute. Eskaeraren arabera egokituko dute plaza kopurua, baina segur da Eguzkitzan ezingo dutela udaleku irekirik antolatu, obretan egongo delako. 

JOXAN ELOSEGI IRUNDARRA OTSAIL EGUNAK EKIMENEAN:

Baxe Nafarroan, Donapaleuko Bideak kulturgunean ospatzen ari diren Otsail Egunak ekimenaren barruan, Joxan Elosegi irundarra izan da gonbidatu atzo.

1936ko gerlatik ihesi joandako ehunka jende aterpetu zituen Arrueta-Sarrikotako Zamakoitzia etxeak. Horietariko asko bidasotarrak ziren. Besteak beste, Jose Mari Lopetegi bertsolari irundar ezaguna hortik pasa zen. Joxan Elosegik azaldu digu gehiago. 

IÑAUTERIAK URRUÑAN:

Urruñan joan den asteburuan etxez-etxeko inauteriak ospatu eta gero, desfile nagusia, zanpantzar auzia eta kontzertuak ere antolatu dituzte larunbata honetarako. Pilota plazan gaualdia izanen da Gazte Asanbladaren eskutik, Karma, XSakara eta DJ Bullen emanaldiekin

Urruñako Hazia elkarteko Maitena eta Matiasek eman dizkigute xehetasunak. 

BAT-EK ANTOLATUTAKO MARATOI ERDIA:

Igande honetan, otsailaren 25ean, Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako Bidasoako Maratoi Erdia ospatuko da. Irunen hasi eta bukatuko da, baina tartean Hondarribia ere zeharkatuko du. Lasterketa jende artera hurbiltzeko gainera, 10 kilometroko lasterketa ere eginen da. 1200 partehartzailetik gora izanen ditu probak, nahiz eta badirudien eguraldia ez dutela lagun izanen. Adur Amilibia BATeko ordezkariak eman ditu lasterketaren xehetasun guztiak.