- IRUNGO HARRERA SAREA:
Kanariar Uharteetara 2023an iritsi ziren afrikar jatorriko milaka migratzaileen fluxuak ez du orain artean Irunen ondoriorik izan. Baina urtarrila eta otsailan milakoen langa gainditu badute Irunen, Aste Santuen atarian espainiar eta kanariar agintarien "interes turistikoak" eragina izan duelakoan dago Irungo Harrera Sarea.
- IRUNGO EUSKAL JIRA:
2024ko ekitaldia antolatzea ala ez asteburu honetan deliberatuko du Euskal Jira elkarteko batzordeak, aurtengo zailtasun ekonomikoen gainetik «askoren ahaleginari esker bideratu xamarra» dagoela aitortuz. Baina kultur-ondare honen etorkizuna bermatuko duen dirulaguntza izenduna eskatu diote Udalari, urtero ospatzen diren beste kultur ekitaldi batzuen antzera.
- M8 BIDASOA BIZIRIK:
Bidasoa Bizirik garapen agentziak Emakume Langilearen Egunari keinu bat egin, eta urte osoan zehar sustatzen dituen berdintasunaren aldeko politiken haritik, eskualdeko sei emakume ekintzaileri elkarrizketa bideoak plazaratuko ditu sare sozialetan egunotan. Emakumeen ekintzailetza ikustarazi eta belaunaldi berrientzat eredu izan daitezen.
- M8 HONDARRIBIAN ETA HENDAIAN:
Belaunaldi berrientzako ereduetaz ari garela, Hondarribian, Emeki elkarteak herriko hiru ikastetxeetako ikasleekin batera Sare Morea Ehuntzeko ekimenean parte hartzeko deia luzatu die ostiral honetan. Hendaian ere, herriko etxeko Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzordeak (SGPTB-CLSPD) gizonezkoen kontrazepzioari buruzko mintzaldi bat antolatu dute, martxoaren 8an. Oraindik ezezagun den gai horri buruz Altea Giacometti medikua mintzatuko zaigu. Egin duen tesiaren gaia «gizonezkoen kontrazepzio metodo berritzaileei buruz. Mintzaldia Gaztelu Aretoan eginen da, ostiralarekin, 19:00 orenetan.