Euskal Herriko nekazarien batasuna irudikatu dute Biriatun lehen sektorearen mobilizazio historiko batekin

Koldo Nausia 2024ko mar. 7a, 13:54

Agintariei ultimatuma eman diete Iparralde, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiatik iritsitako ehunka laborari, abeltzain eta artzaik, 300 bat traktore ingururekin Biriatuko autobidearen ordainlekua 12:00etatik aurrera hainbat ordutan blokatuz.

Goizeko 8etan hasi dira mugitzen. Gipuzkoako Andoain, Tolosa eta Beasaindik abiatu dira batzuk, Iruñeatik besteak, bidean Baztan eta Bortzirietako baserritarrak zutabera batuz. Iparraldean Beskoitzetik Baionara, eta Urruñan 11:00etan autobidera sartu eta Biriatuko ordainlekua blokatzera joan dira, hegoaldeko baserritarren zain.

Mugimendua ez da sindikala. Otsaila hasieran Hegoaldeko baserritar gazteen kolektiboa eta Iparraldeko laborariek bultzatuta, ‘Europako Lehen sektorea bizirik!’ lelopean mobilizatu dira, eta nekazariek Biriatuko ordainlekuan irakurri duten ultimatumean argitu dutenez, Europako Batasuneko, Frantziako eta Espainiako gobernuek euren aldarrikapenei erantzun ezean, ekainaren 1etik aurrera «mugarik gabe» mobilizatuko dira.

Nekazarien batasuna

Ikusgarriak izan dira Behobiako Zaisa gunera traktoreen lerroak. Endarlatsatik iritsita, Nafarroako 70 bat traktorek okupatu dute Puntsaseko errepide nagusia. Gipuzkoatik, aldiz, sakabanatuta biltzen joan dira. Orotara 140 bat traktore izan dira Hegoaldetik bildu direnak, baita Bizkaiatik traktorerik gabe iritsitako 50 bat nekazari ere. 400 bat laborari, abeltzain eta artzain elkartu dira Hegoaldetik. Eta Iparraldetik, aldiz, 120 traktore Beskoitze Akamarre inguruetatik Baionara, eta bertatik Biriaturainoko zutabean, Urruñakoekin elkartuta. Amaia Segurola, artzai azpeitiarrak lehen sektoreko profesionalen batasuna irudikatu nahi izan dute. «Lehen aldia da Euskal Herri mailako nekazariak elkartzen garela, gazte asko gara hontaz bizi nahi dugunak, lehen sektorea maite dugunok, baina burokraziak batetik eta erabaki politikoek bestetik, etorkizun iluna dugu», azpimarratu digu.

Baztandik iritsitako Xabi Ezkerrok, aldiz, «norbere etxaldean lanean ari da, eta eskualdeka mobilizatu gara, tokiko gobernuen trabak direla eta, baina beharra genuen Euskal Herri osokoak elkartzeko, sektorearen arazoa Europatik datorrelako». Izan ere, Europaz kanpoko herrialde ekoizleekin nazioarteko merkataritza itunak bertan behera uzteko aldarrikatzen dute. Nekazariek ohartarazi dutenez, «hemen ekoizteko oso neurri eta arau zorrotzak ezartzen dizkigute, baina gero hori betetzen ez duten beste herrialde batzuetako produktuen inportazioak onartzen ditugu, gurekin lehia deslehiala eginez, eta horrela oso zaila da». Gainera, energia eta erregaien prezioekin ekoizpenak nekez izan daitezke errentagarriak gaur egun.

Bestela ere, burokrazia handia bete behar dutela salatzen dute, «ekoizle txikiak gara, eta denbora gehiago ematen dugu paperak betetzen, baratzean edo ikuiluan baino», aitortu digu Amaia Segurolak. Gazteek etxalde batean instalatzeko dituzten zailtasunak ere mahai gainean jarri nahi izan dituzte, lurrak lortzeko laguntzak eta jarduera berriak martxan jartzeko erraztasun gehiago beharrezkoak dituztela aldarrikatuz.